Alfontso DIAZ

Gailur bat opari?

Olentzeroren etorreraren atarian opari kontuak bolo-bolo dabiltza gurean; Finlandian bestelako opari bat ari da hautsak arrotzen, sarean behintzat.

Garaia ez den arren, Halti mendiak, Norvegiarekin mugan, Finlandiako lurrik garaienak jasotzen ditu bere baitan. Gailurra baina Norvegian dago, muga zehazten duen marratik hogei metro eskasera.

Estreinatuko dugun urtean Finlandiak independizatu zela ehungarren urteurrena ospatuko du eta norvegiar talde bati urtemugaren baitan sekulako oparia egitea bururatu zaio, Halti mendiaren gailurra ematea, muga metro bakan batzuetara aldatuta. Horretarako, sarean zabaldu dute euren proiektua Facebook sare sozialaren bitartez.

Dagoeneko 2.000 pertsonak eman diote «atsegin dut» botoiari eta sostengua eman diote ideiari modu horretan. Sare sozialean idatzitako mezuak orotarikoak dira, ordea. Zenbaitentzat ‘opariak’ lan mordoa ekarriko du orain artean erabili diren mapa guztiak aldatu behar direlako; baina, lanak lan, harro ere agertu dira beste batzuk; izan ere, nork egin dezake mendi gailur bat opari?