Albisuk agindu eta Artolak amaitu, beste bat sakelara
Hirugarren garaipena lortu zuten gipuzkoarrek Oiartzunen, askoz apalago dabilen bikote baten aurka.

BERASALUZE II-BEROIZ 14
ARTOLA-ALBISU 22
Hirutik hiru. Hasiera aparta eman diote Iñaki Artolak eta Jon Ander Albisuk Binakako Txapelketari. Garaipenak pilatuz eta joko puntu bikainean daudela erakutsiz. Ezin inolako aitzakiarik jarri atzo Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan egindako lanari: atzelari ataundarrak piloteoan argi agindu eta aurrelari alegiarrak ezin hobeto amaitu. Azkenean 22-14ko emaitza engainagarria dela ere esan liteke.
Eta kasu hauetan gertatzen den moduan, juxtu kontrako egoeran daude Pablo Berasaluze eta Mikel Beroiz. Gaizki jokatu zuela ezin da esan, baina atzelari nafarra beti menderatuta ibili zen, eta aurrelari bizkaitarra ia aukerarik gabe. Beraientzat onena aurreko jardunaldian Elezkanori esker ateratako puntua, eta datorren larunbatean Bengoetxea eta Untoriaren aurka jokatzen dutela, antzeko arazoekin dabilen beste bikote bat.
Azkar apurtu zen
Aurreneko tantoa gorrien aldekoa izan bazen ere, Berasaluzek gantxoz egina, norgehiagoka azkar apurtu zen. Artolaren erantzuna segituan iritsi zen, bi gantxorekin 1-2 aurreratuz. Albisuk gora bidalitako pilota batek 3-4 ipini zuen markagailua, baina orduan bost tantoko partziala sinatu zuten urdinek. Albisuk sekulako pilotakadak jo zituen ezker-eskuin: Beroizi lehen ezintasun zeinuak nabarmendu zitzaizkion eta ataundarrak berak egin zuen 3-9koa atzean.
Gorriek laugarrena egin zuten Artolak txapara bidalitako pilota batekin, baina orduan Berasaluze izan zen sakez pasa egin zuena, eta aurkarien beste erauntsi bat etorri zen, kasu honetan sei tanto segidan. 4-9tik 4-15era, eta bidean Iñaki Artolaren lau tanto ikusgarri. Haizea alde zuela ari zen, baina hala ere txapela kentzeko hiru gantxo eta txokoan beste tanto bat.
Eta hortik aurrera batzuen gozamena eta besteen nahi eta ezina. Artolak jokoan 11 tanto eginda amaitu zuen neurketa, eta Albisuk lau galdu baina hiru aparteko eginda. Adibide onena partida amaitzeko Jon Anderrek jo zuen pilotakada bikaina, Mikel Beroizek airez ia usaindu ere egin ez zuena.
«Frexko gaude, pilota bizi irteten zaigu eskutik. Iaz hasiera makala eman genion txapelketari eta aurten berriz hobeto hasi gara zorionez. Hala ere, ez dut uste sobrante handirik izango dugunik, beraz ea lehenbailehen lortzen dugun finalerdietarako txartela gero lasaixeago ibili ahal izateko», onartzen zuen Artolak partida amaieran, Albisuren joa goraipatuz.

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete
