GARA
DONOSTIA

Alex Salmond, Maialen Chourraut eta CEAR, Sabino Arana saridunen artean

Sabino Arana Fundazioak jakinarazi ditu izen bereko sarien aurtengo irabazleak. Urtarrilaren 31n Bilbon izango den ekitaldian sarituak izango dira, halaber, John Garamendi, Leopoldo Zugaza eta Velatia.

Alex Salmond politikari eskoziarrak, Maialen Chourraut arraunlari gipuzkoarrak, CEAR-Euskadi Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordeak, AEBetako Ordezkarien Etxeko politikari demokrata John Garamendi eusko-kaliforniarrak, Leopoldo Zugaza kultur eragileak eta Velatia industria talde teknologikoak jasoko dute 2015eko Sabino Arana saria urtarrilaren 31n.

Sariketa honen XXVII. edizioa da eta sari-banaketa ekitaldia Arriaga antzokian izango da, Juan Maria Atutxa Sabino Arana Fundazioko lehendakariak eta Irune Zuluaga erakundeko zuzendariak larunbatean jakitera eman zutenez. Haien hitzetan, fundazioak «Alex Salmond jauna goretsi eta saritu nahi du, herri baten borondate demokratikoaren adierazpideari lotutako prozesu demokratiko eta elkarrizketan oinarritutakoan izan duen buruzagitza eta eredugarritasunagatik. Eskoziako herriaz ari gara eta herritarren adierazpide horren emaitza 2014ko irailaren 18an egindako erreferendumean islatu zen».

Alex Salmond iaz ere saritu zuten, baina saria hutsik gelditu zen banaketa ekitaldira ezin izan zuelako joan, eta bertaratzea ezinbesteko baldintza da saritua izateko. Aurten, baieztatu duenez, Bilbon izango da.

Bestalde, Maialen Chourraut arraunlari gazteak, jarleku bakarreko kayak ontziko espezialistak, ere saria jasoko du. Adierazi zutenez, «ondo baino hobeto erakutsi digu eguneroko lana, eguneroko ahalegina, nekea eta apaltasuna giltzarik onenak direla goi mailako kirol-lehiaketan arrakasta lortzeko».

CEAR elkarteak orain bi urte Giza Eskubideen Rene Cassin saria eskuratu zuen. «Pertsona guztiok duintasun eta eskubide berdinak ditugulako printzipioaren alde gogotik» egiten duen lana aitortu nahi dute.

Garamendik, berriz, «euskal nortasuna» AEBetan zein mundu osoan zabaltzen «egindako ekarpenagatik» jasoko du saria, azaldu zutenez.