Ariane KAMIO
DONOSTIA

Suntsitzeko arriskuan dagoen jakituria errekuperatzeko saioa

Bizi Toki elkargune autogestionatutik egin zaio Pablo Sastreri «Errekuperatzaileak» lana osatzeko gogoa. Ofizioak ditu ardatz, zaharrak eta berriak, eta sistema kapitalistarekiko lotura bihurtu du kritikarako gai.

Bizimolde autogestionatua hautatu dutenei «bide zaila» egitea aukeratu dutenei, lagungarri gerta dakieke Pablo Sastreren (Madril, 1958) “Errekuperatzaileak” (Elkar) saiakera. «Lan-sozietatearen kritika bat da liburu hau, zehatzago, oraingo profesio-bideen kritika bat», autorearen arabera.

Bizi Toki Behauzeko elkargune autokudeatuan ondutako lana da, non haurrak eskolarik gabe hezteko ardura beren gain hartu duten.

Orain bi urte lagunarte horretara joanda, «eta desafioaren handiaz ohartuta», sortu zitzaizkion Sastreri zenbait kezka. Horien artean, haur horiek, eskolak orain erreklamatzen dituenak beretzat, geroago lanaren sozietateak erreklamatuko dituela beretzat. «On litzateke, bada, momentu horretarako prest egotea, orain eskola saihesten duten edo saihesten dugun moduan, geroko batean ez gustuko lanak, edo zentzubako edo zentzu komun gutxiko lanak saihestu ditzaten», nabarmendu zuen.

Ildo horretan, oraingo profesioak eta denbora bateko ofizioak jarri ditu elkarren aldean eta gauzak egiteko lehengo jakitate batzuk eta lehengo abilidade batzuk aipatu ditu bere azken lanean.

Ez da inola liburu etnografiko bat, baizik eta bere ibilbideko hari kritiko berdintsuari jarraitzen dio. Gizarte sistemaren barruko logikak erakutsi eta alternatibak ere proposatzen ditu.

Lan txikiak

«Lan txikien, lan soilen subsistentzia-lanen, etxe-aldeko, norberak egiten ahal dituen lanen goiti-aipatze bat edo altxatu nahi bat bada liburu honetan», adierazi zuen. Hartara, badira abereen gobernuak, basoko lanak, auzo-aldeko etxegintza.

Orokorrean, bi pentsa-bide txertatu ditu lanean. Bata, profesioen kritika eta historia eta, bestea, praktika autonomo batetik, lehengo lan eretatik, zer errekupera daitekeen. «Errekuperatzaileei begira nago: kapitaletik eta estatutik dependentziak gutxitu nahi dituztenei begira, besteak beste, hainbat izen errekuperatu ditut: arraegin genitzakeen lanen eta berrerabil genitzakeen gauzen izenen errekuperazio saio bat bada».