Espetxe politikaren ankerra agerian utzi du Lorentxa Gimon ospitaleratzeak
Bagoaz kolektiboak jakinarazi du Rennesko (Bretainia) erietxean dagoela Gimon abenduaren 14az geroztik, bere egoerak «nabarmen okerrera» egin duelako. Crohn gaitza du aspalditik preso politikoak.

Lorentxa Gimon preso politiko angeluarra urgentziaz ospitaleratu zuten abenduaren 14an eta orduz geroztik Rennesko (Bretainia) ospitalean dago, luzerako gainera. Hala jakinarazi zuen atzo Bagoaz kolektiboak, Lorentxa Gimonen ahizpa Mirentxu eta bere abokatu Maritxu Paulus Basurko ondoan zituela, Baionan.
Aspalditik Crohn eritasuna diagnostikatua du angeluarrak, baina bere egoerak 2014ko irailetik «nabarmen okerrera» egin duela aipatu zuen Paulus Basurkok gaitza «konplikazio fasean» sartu delako; «are okerragoa» ere bada orain ia hilabete Zigorrak Betearazteko Epaitegiak bere kasua aztertu zuenetik.
Azaroaren 24an defentsaren eskaria aintzat hartu eta baldintzapeko askatasuna onartu zion epaitegi horrek Gimoni, abenduaren 16tik indarrean behar zukeena. Gimonen osasun egoerak zerikusi handia izan zuen erabakian, abokatuaren hitzetan. Berehala, baina, fiskalak, «egoera bost», helegitea jarri zuen. Uneotan Parisko Dei Auzitegiaren bulego gainean dago dosierra. Urtarrilaren 14an aztertuko dute.
Ez da Gimon ospitaleratu behar izan duten lehen aldia, azaroaren 30ean urgentziaz eraman behar izan baitzuten Rennesko espetxetik erietxera. Gauean berriro bidali zuten kartzelara, medikuekin hainbat hitzordu jarrita, ordea. Abenduaren 9an zuen horietako lehena, baina espetxeko zuzendariak irteera bertan behera utzi zuen azken unean, Gimon ospitalera eramango zuten jakitun zelako eta horrek «segurtasuna bermatzen ez» zuela-eta.
Eskolta falta
Maiz gertatu zaizkio horrelakoak larri gaixo dagoen presoari. Paulus Basurkok nabarmendu zuen «bata bestearen atzetik» anulatu izan dizkiotela ospitalerako bisitak «eskolta falta» argudiatuta eta horrek modu «onartezinean» atzeratu dituela bere diagnostiko eta tratamenduak, «bospasei hilabete bai» botika batzuen kasuan. Espetxe arduradunek polizia talde berezi bat deitzen dute euskal preso politiko bat mugitu behar duten bakoitzean eta horiek libre ez direnean edo behar beste ez direla iritzitakoan, anulatu egiten dituzte programatutako irteerak.
Egoera hori salatu zuen, hain zuzen, Zigorrak Betearazteko Epaitegiak agindu zuen adituen txostenak berak. Abuztuan burututako txostenean mediku adituak zioen «zinez konplikatua» zela espetxeratze egoera eta gaixotasunak eskatzen dituen zaintzak «bateragarri» egitea, «noiznahi bertan behera geratzen» direlako mediku hitzorduak. Gehiago ere bazioen: bertan behera uzte horiek «bai diagnostikoan, bai prozesu terapeutikoan, atzerapenak» eragin dituztela eta «aukerak galtzen» ari direla infekzio serioren bat edo minbizi gaitzen bat agertzen bada, «zinez litekeena», gaitza horren aspaldi agertutakoa den egoera batean.
Epaileak temati
Emilie Martin eta Claude Larrieu Bagoaz kolektiboko bozeramaileek aipatu zuten «ezer onik ez» dagoela itxaroterik Gimonen askatasunaren kontrako helegitea aztertuko duen Parisko Dei Auzitegitik. Epaitegi horretan aurkeztu diren baldintzapeko eskaera guztiak atzera bota izan dituztela gogoratu zuten; «jarrera itxia dute», izan ziren Paulus Basurkoren hitzak. Horregatik dei zuzena egin zieten epaileei: «Ez zaitezte tematu, eman ezazue bake prozesuaren aldeko urratsa».
Gobernu frantsesarentzat ere izan zituzten hitzak Bagoazeko kideek. «Hura da egoera honen arduradun; kontuak eskatuko dizkiogu, ez dugu ahaztuko», adierazi zuen irmo Larrieuk.
Herritarrei, berriz, deia: urtarrilaren 9ko deialdian «oldeka parte hartzeko», herri mobilizazioa izango baita «Gimon bezala gainerako preso eta iheslari politikoak geure artera» ekarriko dituena, esan zuten argi.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
