130 m2, milaka amets: urtarrilaren 23an irekiko da Baionan Gaztetxea
Aturri bazterrean, Lesseps karrikan, dago gune autogestionatu berria. Jai handia ari dira prestatzen irekierarako. Bazkari herrikoia eta Gatibu eta Itziarren Semeen kontzertua ziurtatuta daude.

Jakitun dira unearen garrantziaz; ageri zen. Izan ere, ez da haien ametsa bakarrik gauzatzera doana, aurreko hiru belaunaldiena ere bai. Urtarrilaren 23an izango da egun dohatsua, azkenean Baionak gaztetxea izango duena.
Aturri bazterrean, Lesseps karrikan, dago 130 m2-ko behea, Santespiritu auzoan baina Baiona Ttipia eta Handia lotzen dituen zubi handiaren buru-buruan, hirigune osoa josteko toki ezin egokiagoan. Lehendik margolarien tailerra izana da, ondotik mekanika lantegia. Laster milaka ametsen zerua. Txukunketa lanetan aritu dira azken astean buru-belarri Baionako gaztetxearen inguruan asteroko batzarretan biltzen den 20kote-30kotea. Eta garbi, distiratsu, gazteen begiak ñir-ñir bezala, zegoen atzo aretoa prentsaren aurkezpenerako ateak ireki zizkigutenean. Maila dago: kafe beroa eta opil goxoak ibai bazterreko laiotzari ihes egiteko. Hemen ez dago ospelik.
Jokin Dufourgek eta Unai Arkauzek hartu dute hitza. «Garaipena da guretzat», esan dute, baina berehala ekarri dituzte gogora gune autogestionatuek nola Euskal Herrian hala atzerrian bizi duten jazarpena: Kortxoenea Donostian, Kukutza Bilbon, Euskal Jai Iruñean, Katalunia edo Danimarkako adibideak. Baita Baionako aurreko esperientziak ere: 1980ko hamarkadan Patxa taldearen okupazioak, Patxokia ekarri zutenak; 2000. urtean, lehen gaztetxearen irekiera, hilabete gutxiko lorea izan zena, jabeak bertan behera utzi baitzuen alokairu kontratua jasandako presio latzen ondotik.
U-23 irekiera jaia
Urtarrilaren 23an irekiko ditu behin betiko ateak Gaztetxeak. Egun horretarako egitaraua taxutzen ari badira ere, hainbat ardatz iragarri zituzten atzo: goizean irekiera ekitaldia, ondotik tokiko ekoizpenekin bazkari herrikoia Klik-ak alaiturik. Arratsean poteo animatua eta gauean kontzertua: Gatibu eta Itziarren Semeak. Beste talderen bat ere izan liteke.
Otsailetik aurrera ekingo dio gune autogestionatuak eguneroko martxari. Iragarri dute astea betea dutela dagoeneko: yoga tailerra, tango tailerra, bertso eskola, hiriko musika taldeentzako entsegu-gunea… Dufourg eta Arkauzek adierazi dute «erreferentzia izan nahi» dutela Baionako bizitzan, eta horretarako eragile eta elkarteekin harremanetan ari direla euren ekintzak bertan antola ditzaten. Gonbidapen zuzena egin zieten gainera: «Ekarri zuen ideiak, ekarri zuen proposamenak, denok batera egin dezagun Baionako Gaztetxea».

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
