Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Poetarena gogoan

Astelehen goizeko ajeak gaur arte iraun du nigan, burua bor-bor, biharkoaren esperoan. Baina dagoena dago eta ez dagoena balego! Gaur zortziko zutabe horizontal haren izenari heltzen diot oraindik ere: “Bukatu delako hasten da”. Ontziek utzitako datuen harira hainbat iritzi entzun ditut han-hemen. Baina kontuak atera, hain da handia nire mundukoen mezuak errealitatera egokitzeko sentitzen dudan beharra non gotzainen baten burutazioak berak ere entzun behar izan dituzten nire belarriek egunotan, jakin-minez izan ez bada ere. Amen.

Hara elizaren buruak esana! Datuok gaixo dagoen gizarte baten isla direla! Bai, gaixo egon behar gizarte batek bere arazo sakonak berea ez den munduren batean konponduko dizkiotelakoan bizi denean. Baina tira, ostien harira! Poeta andaluziarrak argi esan zuen gaixo egotea baino okerragoa dela mediku txarra izatea! Denontzat balio duen mezu argia bota zuen poetak, zirkuluan antolatua izan edota laukian, denontzat. Bestera esanda, egunero dago geroa hasten.

Total, ez zait erraza egiten urteen arteko egunok atsedenerako hartzea, iragarkien lerro artekoak berak ere interpretatzen ematen baitut egunotan ohikoa dena baino denbora gehiago, mezu subliminalaren bila. Kontuak atera, berriro, «El Niño» entzun eta, hara!, segituan klimaren gorabeherei lotzen zaien Ozeano Barearen ekialdeko gertaera datorkit burura... analista politikoak, gotzainak barne, loteriaz ari direla jakin arte. Ama, ama!

Sarritan egunak lar arin pasatzen direla kexu ibili arren urte amaierako hauek lar astiro doazen susmoa daukat barneratuta. Oparien egunotan ez dakit benetakoa zein den, barrukoa ala biltokia bera. Politikan ere kontuan hartu beharrekoa biltokiaren funtzioa, muina bildu ala bera ezkutatu. Tira, zakarrontzi beteei begira! 2016 on egin dezagun!