Sakabanaketak ezin duela gehiago iraun aldarrikatu dute Martutenen
Sakabanaketak ezin duela «minutu bat gehiago iraun» aldarrikatu zuten atzo Martuteneko espetxearen aurrean urtero egiten den martxan. Vivonneko espetxetik igorritako mezuan, Maite Aranalde eta Izaskun Lesaka presoek egungo egoerarekin amaitzeko formula «indarrak metatzea» dela adierazi zuten. Sortuko kide Amaia Izkok Estatuarekiko «haustura demokratikoa» defendatu zuen, «gakoa Euskal Herrian baitago, ez Parisen ez eta Madrilen ere».

Euskal presoen sakabanaketa lehenbailehen amaitzea exijitu zuten atzo Martuteneko espetxearen hormen aurrean Donostiako epaitegietatik eta Hernanitik abiatu ziren ehunka lagunek.
«Urtero bezala, Martuteneko espetxe alboan elkartu gara euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzea aldarrikatzeko. Paradoxikoa da, baina Martutenen ez dago gure elkartasun oihuak entzungo dituen euskal preso politikorik, Frantziako eta Espainiako estatuetako kartzeletan sakabanatuta dago-eta kolektiboaren gehiengoa», salatu zuen Sortuko bozeramaile Amaia Izkok. «Sakabanaketak ezin du minutu bat gehiago iraun. Hori ozen esan beharra dugu», adierazi zuen. «Baina inor ez dadila tronpatu, gure aldarria ez da soilik presoak Martutenen, Basaurin, Iruñean edo Zaballan izatea. Sakabanaketarekin amaitzea gure aurreneko geltokia da. Arrazoi politikoak direla-eta preso edo ihesean dauden lagun guztiak aske nahi ditugu, etxean eta libre», nabarmendu zuen.
Era berean, Izkok «independentziaren zikloari ateak irekitzeko» garaia iritsi dela esan zuen eta Estatuarekiko «haustura demokratikoa» defendatu zuen. «Madrili eta Parisi begiratzeari utzi behar diogu. Gakoa Euskal Herrian dago. Zuek, guk, dugu gakoa. Independentzia eta sozialismoa eraiki behar ditugu gaurtik denon bultzadaz. Justizia soziala, feminismoa eta euskara oinarri izango dituen Euskal Estatuaren eraikuntzari ekin behar diogu», plazaratu zuen.
Lehentasunen artean, preso eta iheslarien etxeratzea nabarmendu zuen. «Denak etxean nahi eta behar ditugu eta horretarako indarrak biderkatu behar ditugu», gaineratu zuen. Hala, datorren urtarrilaren 9an Baionako eta Bilboko kaleak betetzeko deia luzatu zuen.
Mezua Vivonneko espetxetik
Vivonneko kartzelatik, Maite Aranalde eta Izaskun Lesaka presoek «indar metaketa» horren alde egin zuten. Megafoniatik zabaldutako mezuan, presoen etxeratzeak «lehentasun politikoa» izan behar duela adierazi zuten. «Egoera honek ezin du luzaroan iraun. Eta horretarako formula indarrak metatzea da, ahalik eta jende gehien elkartu ahalik eta indartsuen eragiteko», helarazi zuten.
Hauteskundeetako emaitzek «ziegetako paretak ere astindu» dituztela aipatu zuten. «Ez dira garai goxoak ezkerreko abertzaleontzat. Dardarizoak, ordea, ez gaitu etsipenera eraman; kontrakoa, bizirik dagoen herri bat da gurea eta abian dagoen mugimendua da ezker abertzalea. Eztabaidak eta hausnarketak Euskal Estatua lortzeko bidea hobeto eta azkarrago egitea ahalbidetuko dutela konbentzituta gaude. Horregatik, ilusioz eta pasioz parte hartuko dugu zuekin batera ‘Abian’ prozesuan. Gaur-gaurkoz, halabeharrez, gure ziegetatik egingo diogu gure ekarpena askapen mugimenduari», helarazi zuten.
Atzoko martxak aurpegi ezagunak ere bildu zituen. Bertan izan ziren, besteak bestek, Txelui Moreno, Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Joseba Alvarez, Joxean Agirre, Arantxa Urkaregi, Felix Soto, Beñat Gaztelumendi Gipuzkoako bertsolari txapelduna eta Martxel Toledo. Ekitaldian ere musikarako parada egon zen Iñaki Revuelta abeslari donostiarraren eskutik.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
