Jon LEUNDA

URTE BERRIAREKIN BOLADA TXARRA BAZTERTU NAHI DU BAIONAKO AVIRONEK

Avironek egun gogorrak bizi ditu, emaitzak txarrak baitira eta jaitsierako postuetan sartuta baitaude lapurtarrak. Hala ere, erreakzionatzeko tartea dauka oraindik talde zuri-urdinak. Baina hori ahalik eta azkarren egin beharko du, bestela berandu izan daiteke-eta mailari eusteko.

Baionan gauzak nahikoa nahastuta daude, emaitzak ez baitira onak. Azkeneko bost partidak galdu egin ditu Avironek, eta jaitsierako postuan da taldea. Hala ere, alde onari begiratu beharko zaio, izan ere, taldeen arteko ezberdintasunak oso txikiak dira. Partida batzuk jarraian galduta behean sartzen baldin bada, irabazita goian sar daiteke, eta hori pentsatu beharko du Lapurdiko hiriburuko taldeak.

Gorabehera handiko denboraldia ari da izaten Avironentzat. Hasi oso gaizki egin ziren, baina gero garaipen batzuk erreskadan lortu ostean, sailkapenaren erdialdean sartu ziren, baina orain berriro ere oso bolada txar batean sartuta daude. «Denboraldi hasierakoa normaltzat jo daiteke. Aldaketa batzuk egon dira taldean, eta maila ere berria zen guretzat. Beraz, hasieran tamaina hartzea kostatzea normaltasunaren barruan har dezakegu. Gero izan ditugu emaitza onak, baina azkeneko partidetan gauzak ez zaizkigu ongi atera, eta ez dakigu zergatik. Lanean ari gara hori konpondu nahian», dio Paxkal Elisaldek, Aviron taldeko atezainak.

Hori bai, Paxkalek garbi utzi du oraindik bizirik daudela. «Maila hau oso orekatua da, eta garbi dago bi edo hiru partida jarraian irabazi eta gora egiten duzula, eta edozein taldek edozeini irabazten diola, eta berdin da etxean edo kanpoan izan. Gu oraindik bizirik gaude, eta honi buelta emateko garaian ere bai», esan du atezainak.

Hala ere, erreakzioak azkar etorri behar duela ohartarazten du Paxkalek. «Datorren sei partidak oso garrantzitsuak izango dira. Hor puntu dezente atera behar ditugu, bestela maila galtzeko arrisku handia izango dugu. Hor jakingo dugu zein izango den gure borroka, baina badakigu Gabonak eta ondorengo partidetan ezin dugula hutsik egin», adierazi du.

Paxkalek talde bat ikusten du besteen gainetik, baina gainerakoen artean ez du alde handirik ikusten. «Paue ikusten dut mailako talde onena bezala; aurrenak doaz, eta, normalean, haiek igoko dira. Gainerakoen artean alde txikiak ikusten ditut, eta gure aukerak izango ditugu». Oporren ondorengo itzulera, ordea, ez du samurra izango talde zuri-urdinak, Nize B taldearen aurka jokatuko baitu Nizan. Mailako talderik onenetakoa izateaz gain, etxean oso indartsu agertu da. «Bigarren talde hauek oso arriskutsuak izaten dira, baina Nizak oso jokalari onak dauzka. Lehen Mailako taldearekin entrenatzen ari direnak batzuk. Etxean oso indartsuak dira, han ez du aurten inork irabazi, baina bakarren baten aurka ere galdu beharko du, eta ea gure aurka den», dio Paxkal Elisaldek.

Fitxaketa berriak egiteko garaia ere bada, eta zurrumurruak ere asko dira Baiona aldean. Emaitzek laguntzen ez dutenean, izen asko agertzen dira, baina Paxkal Elisaldek ezer ez dakiela esan du. «Komunikabideetan agertutakoa besterik ez dakit. Zurrumurruak asko dira, baina oraingoz ez dakit ezer gehiago», nabarmendu du.

Izen horien artean Dos Santos ageri da. Iaz gol asko egin zituen Avironekin, eta aurten Greziako Ligara joan da, Bigarren Mailan jokatzeko. Baina han ez omen dago oso gustura, eta egoera zaila ari omen da bizitzen. Bere izena ari da behin eta berriz agertzen. Gipuzkoa aldean jokalari bila dabiltzan zurrumurruak ere ozenak dira, baina oraingoz ez da berririk iritsi, nahiz eta aurrelariren bat iristear dagoela dirudien.

Avironek erreakzioa behar du, eta ahalik eta azkarren gainera, bestela ezinezko izango baitu mailari eustea. Entrenatzailearen inguruan ere zurrumurru ugari sortu dira, azkeneko emaitzen ostean zale asko jarri baitira berari begira, baina oraingoz ez dago aldaketarik ez jokalarien ez eta entrenatzaileen artean, nahiz eta laster izan daitezkeen berriak.

 

Genets

Genetsen egoera bestelakoa da. Angeluko taldea sailkapeneko lehen postuetan dago, baina CFA 2 Mailan, Aviron baino maila bat beherago. Hori-berdeak azkeneko urte hauetan gora egin nahian dabiltza, baina lortu ezinik dabiltza.

Sailkapeneko lehenengoak bakarrik lortzen du mailaz igotzea, eta ez du lan samurra izango. Angeluarrek ere ahalegin berezia egin nahi dute, eta horretarako badirudi fitxaketa berriak ere izango direla. Bere multzoan filial ugari daude, aurreneko taldeak Lehen Mailan dituzten klubak, eta maila ikaragarria dago. Angelun, ordea, itxaropena dute, eta euskal futbol zale guztiek eskertuko lukete heldu den urtean lapurtarren arteko derbia, baina CFA Mailan, horrek Avironek mailari eutsi diola eta Genets igo egin dela esan nahiko bailuke. Oraingoz, bi taldeek dute helburuak betetzeko tartea: ia urte berriarekin ametsak egia bihurtzen diren.