«Ez zaitezte beldurtu muga berrien aurrean»
Oier Lakuntzak (Iruñea, 1985) bere etxean hartu gaitu Eguberrietako oporretan. Nafarroako Gobernuaren Gazte Balioaren Saria jaso du hilabete honetan eta hortik abiatuta makina bat gai landu ditugu, bere bizi eta lan ibilbideari errepasoa eginez. «Muga gehiago jarri beharrean, lagundu mugak gainditzen baliabideak jarriz», horixe Wolfram gaitz arraroa duen kimikari gaztearen aldarrikapenetako bat.

Kalean argazkiak atera eta etxeko salan jarri gara solastatzeko, bere jaioterrian, Iruñean. «Ohitura dago esateko ‘ikusten ez baduzu, ezin duzu hau egin’ –adierazi digu–. Noski, ikusten duen pertsona bati ikusmena kentzen diozu eta pentsatzen du: ‘Ezin dut ezer egin’. Egia da gehiago kostatzen dela baina beste baliabide batzuk garatzen dira eta ezinezkoak diruditen gauza batzuk egin daitezke. Esan zidaten itsua den pertsona batek ezin zuela Kimika ikasi. Muga gehigarriak dituen pertsona bati ezin zaio esan zer egin dezakeen eta zer ez. Pertsonak berak ikusi behar du hori. Eta ingurukoek, ahal den neurrian, laguntza eskaini behar diote muga gehigarriak gainditu eta gustuko duena egiteko».
Bastoiaren laguntzaz ibiltzen da gaztea. Wolfram sindromea du, endekapenezko gaixotasun arraroa. Sei urterekin diagnostikatu zioten, ordurako diabetes mellitusa eta entzumen eta ikusmen arazoak zituela. Eri batetik bertzera aunitz aldatzen da gaixotasunaren bilakaera, baina oro har lehen motako diabetes mellitusa, diabetes insipidus (gorputza ez da behar bezala likidoak mantentzeko gai), entzumen nahiz ikusmen nerbioen galera eta maskuri neurogenoa eragiten ditu. Oraingoz ez da sendabiderik ezagutzen, eta prozesua gelditzeko modua aurkitzea da xedea.
Zer sentipen sortu dizkizu Gazte Balioaren Sariak?
Alde batetik poz handia sentitu dut, oztopoak gainditzearen errekonozimendua jaso dudalako. Sariak jendearen aitortza irudikatzen du eta besteek baino muga gehiago ditugunontzat garrantzitsua da hori. Sentsazio kontrajarriak ere baditut. Etengabe oztopoak gainditzen ibili naiz, eta orain sentitzen dut egindako aukerak, Kimikak, oso aurrerabide gutxi eskaintzen dizkidala. Garai batean, unibertsitatean lan egitea amesten nuen, ikerketa eta irakaskuntza uztartuz. Baina zientzia ikerketa ez dago ezintasuna dugunontzat prestatua, eta oso zaila izango da horretara iristea. Orain ikusten dut agian bere garaian alboratu nituen hainbat gauza lanerako erakargarriagoak litzaizkidakeela.
Dibulgazioaz ari zara?
Bai. Kimika izugarri gustatzen zait, baina lan mundurako gizartetik hurbilagoko zerbait faltan ematen dut. Zientziaren komunikazioa asko gustatzen zait eta UNEDen hasitako Zientzia Kazetaritzako masterra bukatzeko asmoa daukat. Euskalgintzarekin erlazionaturiko lanen bat ere gustura hartuko nuke. Funtsean, edozertarako zabalik nago.
Zeintzuk dira, zure ustez, euskal gazteriaren erronkak?
Kanpora joan beharrik gabe lan egiteko eta ongi bizitzeko moduko herri baten alde borrokatu beharra dago. Era berean, esparru guztietan euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortzea ere garrantzitsua da, eta horren alde lan egin beharra dago. Bestalde, gero eta denbora gutxiago eskaintzen diogu elkartzeari eta besteen beharrak ulertzeari. Ezintasuna daukagunontzat ingurukoen babesa ezinbestekoa da. Jendeari esango nioke ez beldurrik izateko eta hurbiltzeko. Eguneroko bizitzan arazo asko ditugu guztiok, baina eskatuko nuke kontuan hartzea besteek izan ditzaketen behar edo zailtasun gehigarriak. Jendea animatuko nuke ezintasunen bat duen pertsonaren bat ikusten badu ez zalantzan gelditzera: ‘Laguntza beharko du?’. Gure kabuz moldatzea erronka bat da, baina izugarrizko lasaitasuna ematen du laguntza hor duzula jakiteak. Gaineratuko nuke jendea ez dadila beldurtu muga berrien aurrean. Lehen arazorik gabe egin zenitzakeen gauzak egiteko zailtasunak ekartzen ditu, baina oztopo horiek ez dituen jendeak pentsatzen duena baino askoz gauza gehiago egin daitezke. Itsu batek itsua ez den batek uste duena baino gauza gehiago egin ditzake.
Dagoeneko bukatu duzu Tarragonan, ICIQ ikerketa kimikoko kataluniar institutuan, egiten ari zinen doktorego ondokoa. Zer ikertu duzu?
Donostian doktoregoa egin nuenean hiru hilabetez egon nintzen Tarragonan, 2010ean. Oso esperientzia aberasgarria izan zen eta behin tesia bukatuta, ikerketan jarraitzekotan hara itzultzea zen lehenengotako aukera. Bi urtez egon naiz post-doc-a egiten. Oinarrizko ikerketa proiektu batean lan egin dudan heinean, ez dugu berehalako aplikazioetan pentsatu. Metalen eta molekula txiki edo ligandoen arteko elkarrekintza aztertzen ibili naiz, eta honek oinarri bat suposatuko du beste ikertzaile batzuen ikerketetarako.
Lanaz gain, bakarrik bizitzeko erronka bete duzu.
Duela bost urte doktoregoko egonaldi hura egin nuenean, hori zen nire helburu bat. Betidanik etxean bizi izan naiz, gurasoak ondoan. Eta nire muga guztiekin zalantza ere baneukan gai ote nintzen bakarrik bizitzeko. Tarragonako esperientzia eguneroko bizitzan nire mugak non zeuden ikusteko baliagarria izan zen. Bakarrik bizi izan nintzen eta eguneroko gauzak egiteko gai ikusi nuen nire burua. Duela bi urte itzuli nintzen hara eta orain ere bakarrik bizi izan naiz. Lankide batzuk gertu bizi ziren eta haien laguntza nuen.
Blogari zabiltza «Argia»-n.
Tarragonan egon naizenean nahiko abandonatua izan dut, baina orain berriro hartzeko asmoa daukat. Blogak ‘Zientziaren labirintoan kokatuz’ izena du eta zientziako gaurkotasuneko gaiak biltzen ditu mundu honetan hain sartuta ez dagoen jendeari ulertarazteko asmotan.
Euskalerria Irratian ere kolaboratu izan duzu.
Polita izan zen jendeari interesatzen zaizkion zientziarekin lotutako eguneroko gaiez hitz egitea eta horiek hobeto ulertzeko azalpenak ematea.
[Sakelakoa bibratzen hasi zaio. Lagun bat da. Elkarrizketa eteteko eskatu digu une batez. Aspaldi ez dira egon eta arratsalderako gelditu dira].
Gaur egun sarritan bakardade sentsazioa izaten dut –aitortu digu–. Izan ere, lagunek izugarrizko babesa eta laguntza eskaini izan didate, bestela egin ezingo nituzkeen gauzak egitea ahalbidetuz, baina adinean aurrera joan ahala, bakoitzak bere bidea hartzen du eta talde izaera ahuldu egiten da. Jendeak harreman berriak egiten ditu, baina niretzat hori zailagoa da. Gainera, irudipena daukat jendea sarritan ez dela kontziente gor-itsua izateak dakartzan zailtasunez. Leku batera bakarrik joateko gai izanda ere, oso deserosoa da ezagunen bat egongo den jakin gabe joatea. Izugarri eskertzen da jendea laguntzeko pertsonalki inplikatzea. Adibidez, duela hiru urte tandemean ibiltzen hasi nintzen Lekunberriko lagun batzuekin, eta bizipoz handia izan zen, betiko galdutzat ematen nuen sentsazio bat berreskuratzea ekarri baitzidan.
Taldean egotea maite duzu.
Agian zarata dela-eta ez dut ingurukoek diotena askorik ulertuko, baina taldean sentitze hutsa pozgarria da. Eta asko eskertzen da norbaitek tarteka zertaz hitz egiten ari diren esatea. Halaber, noizbehinka norbaitekin giro lasaian egotea gustatzen zait, halakoetan arazorik gabe komunika bainaiteke.
Nola moldatu zara ikasteko?
Karrerako bigarren mailara arte luparekin eta fotokopia handituekin. Hortik aurrera beste baliabide batzuk erabiltzen hasi nintzen. Braille’n speak aparatuarekin apunteak hartu eta zuzenean ordenagailura pasatzen ditut. Gero pantaila irakurle bat erabiltzen dut.
Gizarte Segurantzarekin ere borrokatu behar izan zinen.
Tarragonan hiru hilabeteko egonaldia egin nuenean iritsi zitzaien gurasoei albistea, bi urte eta erdian jasotako ezintasun laguntza itzuli behar nuela, 12.000 euro. Izugarrizko danbatekoa izan zen. Gaixotasunak gastu gehigarriak ekartzen ditu: audifonoak, medikamentuak... Gizarte Segurantzaren argudioa zen ikasketa beka bat jasota, gutxieneko soldata baino irabazi handiagoak nituela eta, beraz, ez zirela bateragarriak. Azalpen horren arabera, laguntza jasotzeko modu bakarra lanik ez egitea da eta horrek suposatzen du laguntzarekin bakarrik bizi beharra, 500 euro pasatxorekin. Bidegabea iruditu zaitzaigun eta auzitara jo genuen. Gero jakin genuen nire aurretik beste batzuk egoera horretatik pasatu zirela. Baina jendeak ez zuen arazoa ezagutzen. Boom mediatikoa sortu zen eta nik uste hori ere beharrezkoa dela ezagutarazteko. Azkenean arrazoia eman ziguten, ez genuen dirurik itzuli behar izan, eta ongi. Halere, gaur egun lan kontratua daukat eta horrekin ez da bateragarria ezintasun laguntza. Hori ere aztertu beharko litzateke, ezintasuna duen jendearen integrazioaren kontra doalako. Pertsona batek lan eginda 700 euro kobratzen baditu eta lanik egin gabe 500 euro pasatxo, agian nahiago izango du lanik ez egin.
Zure bertze alderdi bat bertsolariarena da.
Bertsolaritza euskararekin egiten den joko bat bezala hartu izan dut beti. Gehien gustatzen zaidana gauzak alderdi desberdinetatik aztertzeko aukera da.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
