Harrera Elkartea: lan umil, isil eta miragarria

Elkartasuna, laguntza, kidetasuna... aitzakiarik gabeko hitz ederrak dira. Esatea, ordea, gauza bat da, baina, isil-isilik, itzaletik eraginez, umiltasunez, laguntzen duen oro eskertuz eta datorren tokitik datorrela laguntza oro onartuz ekitea oso bestelakoa da. Jarrera horren arrastoan dabil, eskuzabal, askotarikotasuna ospatuz, euskal preso kaleratuen aldeko asistentzia eta babesa bere gain hartu eta saretu duen Harrera Elkartea. Foku mediatikoetatik kanpo, buila ateratzeke, gandorra altxatzeke, inurriaren lanean saiatuz, diren eta ez diren ate guztiak joz, seguru asko nahi baino gutxiago eta seguru askok uste baino laguntza material, asistentzial eta emozional handiagoa bideratuz.
Erraz idazten da, baina datuak benetan gordinak dira: 1978. urtetik hona ia 4.000 euskal preso atera dira kartzeletatik. Jende militantea, egoera latzak bizitakoak, ohiko arazoen aurrean amore ematen ez duten gizon-emakumeak. Gehien-gehienek ez dute faltan izan euren komunitateetan babesa eta laguntza, lana bilatu eta aukera berri bat lantzeko ateak irekirik izan dituzte.
Hala ere, izan dira, izan direnez, arrazoi bategatik ala bestegatik, kartzelatik kaleratu eta herriratze prozesua ongi egiten asmatu ez dutenak. Agian aurre egin behar zituzten egoera partikularrak garaiz detektatzen jakin ez zelako, edo, besterik gabe, barrutik kanporako prozesu hori arantzarik gabekoa ez delako. Badira, badirenez, behar zuten laguntza jaso ez zutenak eta bukaera tragikoa izan zuten preso ohiak.
Beren buruaz beste egin zutenak, drogen munduan kateatu eta betiko joan zirenak, prekaritate gorrienean euren burua ikusi zutenak… Eta horrek, jakina, zauri sakona –eta saihetsezina den misioa– utzi zuen preso ohien komunitatean, haiena den komunitate politiko osoan.
Asistentzia ardatz eta gauzagarri
Zauri haiek gogoan, urte luzeko zigorren ondoren atera diren presoek laguntza sozialak eskuratzeko dituzten arazoekin kezkatuta (Estatuak ematen zituen laguntza sozial oro ezabatu ditu 2014ko urtarriletik aurrera) eta herri bezala euskal preso kaleratuen behar material eta osasun mailakoetan neurria eman behar dela barneratuta, lanari ekin eta lan polit askoa burutzen ari da Harrera Elkartea.
Elkartasuna ardatz, asistentzia gauzagarri, euskal preso ohi bat bera ere diru laguntzarik gabe bazterrean ez uztea asmo, eskaria egin duten errepresaliatu ohi guztien artean lehentasunen arabera, urte hauetan 110etik gora perstonak jaso dute 500 euroko hileroko laguntza. Une honetan bertan 40 preso ohik daukatena. 197/2006 doktrinaren ostean ateratako 60 bat lagunen egoera ere aipagai dute, ia gehienak 60 urteren bueltan dabiltzalako eta kasurik gehienetan ez dutelako inoiz kotizatu. Erretiro garaian laguntzeko moduak aztertzen ere ibili badabiltza. Bien bitartean, dozenaka eta dozenaka lagunei lan finko bat topatzen ere lagundu diete.
Arlo ekonomikoaz gainera, euskal preso kaleratuen osasun mailako beharrei erantzuten diete: dentistak, psikologoak, oftalmologoak… haien zerbitzura ipiniz. Azpimarratu behar da, gainera, osasungintzako profesional hauetako askok, eskulana kobratzeke, presoen laguntzan borondatez eskaintzen duten esku kolpe paregabea. Elkartearen gastu korronteaz gain, egoitza, kanpo komunikazioa eta 1.200 euroko soldata duten bi liberazio eta erdi barne, preso ohiek profesionalki aurrera egiteko behar dituzten ekimenetan hain erabakigarria den lehen kolpe horretarako sosetara edo mikrokredituetara bideratzen da laguntza. Ahal bada eta ahal denean dirua bueltatzeko konpromisoarekin, dela autonomo jartzeko, oilotegia antolatzeko, catering proiektua aurrera ateratzeko edo dena delako proiektuetarako bideratzen den laguntza ezinbestekoa.
Jende anitza
Hau guzti hau ezinezkoa litzateke, lerrokatze alderdikoiez gaindi, Harrera Elkarteak Euskal Herrian xorro-xorro ehundu duen sare solidarioa kontuan hartzeke. 5 euro hilean, 60 euro urtean euskal preso ohiak laguntzen dituzten 2.700 anai-arreba horiek gabe, edo jaso duten herentziaren parte bat presoen laguntzarako bideratzen duten horiek gabe, ala bat-batean «presoak laguntzeko» bihotz-bihotzetik diru ekarpena egiten duen jende anonimo hori gabe. Azpimarratu behar da, gainera, hor datzalako Harrera Elkartearen marabilletako bat, jende hori anitza dela, ezker abertzalekoa eta ezker abertzalekoa ez dena barnebiltzen duela, elizaren ingurukoa, edo, esplizituki esan gabe, presoekin daudela herri honetan hainbat adieratan jakitera ematen duten horiek.
Izan ere, Harrera Elkartearen altxorra hortxe dago. Kidetasun samurrena kideei, eta, ahal den neurrian, erantzun praktikoa dauden beharrei. Hartara, gureak direnak eta gure ez direnekin elkarkidetzan arituz, ate oro joz, umil-umil, norberak eskain dezakeena onartuz eta ospatuz, inori ezer exijitu gabe. Herriz herri kilometroak milaka eta aurrez aurre jendea kontaezin, borondateak saretuz, goi mailetan eta politikaren profesionalekin hitz eginez, entzutea behar eta eskertzen duen oro adituz.
Euskal militante gisa izan zirena eta direna ezkutatzeke, iragana beti irakasgai, orainean eta gertuko etorkizun baterako lana erruz, askatasuna eta gizatasuna amets.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
