J.L.
Harri-jasotzea

Izeta II.ak harri kubikoarekin utzi du erabakita finala

Urrezko harri-jasotzaileen finalean ere ez zen ezusterik izan, eta Izeta II.ak eraman zuen txapela, finalean bere semea, Izeta IV.a, eta Jokin Eizmendi mendean hartuta.

100 kiloko zilindro koparekin hasi ziren lanean, eta hor Jokin Eizmendi izan zen saioari ekin behar izan ziona. Minutu bateko saioan, zarauztarrak 22 jasoaldi lortu zituen, eta berea izan zen harri honekin markarik onena.

Atzetik Izeta II.a joan zen, eta aiarrak 21 jasoaldi lortu zituen onak, eta bi ustel ere eman zizkioten. Hala ere, Eizmendirengandik jasoaldi bakar batera geratu zen. Azkena aritzen Izeta IV.a izan zen, eta berak hogei aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean, eta gero hiru ustel ere eman zizkioten.

Erabili beharreko bigarren harria 100 kiloko kubikoa izan zuten, eta honekin bakoitzak bi minutuko saioak egin behar zituen. Eizmendi plazaratu zen lehenik, eta zarauztarrak hemezortzi aldiz berdindu zuen harria bizkarrean. Berea izan zen txanda honetako markarik kaskarrena. Atzetik Izeta II.a joan zen, eta aiarrak hemen eskuratu zuen lehen postua. Guztira 21 jasoaldi lortu zituen, Eizmendik baino hiru gehiago, eta sailkapenean bi jasoaldi kentzen zizkion orain Izetak Eizmendiri. Azkena aritzen Izeta IV.a izan zen, eta berak ere ez zuen lan txarra egin, hemeretzi jasoaldi lortu baitzituen; txandako bigarren onena izan zen. 

100 kiloko bola izan zuten lanerako azkeneko harria, eta berarekin bi minutuko txanda izan zuten. Hor ere Eizmendi izan zen plazaratzen lehena, eta zarauztarrak 21 jasoaldi lortu zituen. Izeta II.a joan zen bigarren, eta txapela bere esku zeukala plazaratu zen, gainera. Aiarrak ez zuen hutsik egin, eta berak ere 21 aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean, eta hasi aurretik Eizmendiri kentzen zion alde horri eutsi egiten zion. Azkena plazaratzen Izeta IV.a izan zen, eta berea izan zen markarik kaskarrena, hogei jasoaldi lortuta.

Denera, Izeta II.a izan zen txapeldun eta nagusi. Hiru harrietako jasoaldiak batu, eta aiarrak guztira 63 jasoaldi lortu zituen. Bigarren postua Jokin Eizmendirentzat izan zen 61 jasoaldirekin, eta, azkena, berriz, Izeta IV.a sailkatu zen, 59 jasoaldirekin.