Avironek aurkari zuzen bat hartuko du Jean Dauguerren
Zuri-urdinek Aurillacen aurka jokatuko dute 19.00ean. Ordu erdi beranduago,Biarritzek Bourgoin taldearen zelaian jokatuko du, mailari eusteko borrokan.

Avironek garrantzi handiko norgehiagoka jokatuko du gaur Jean Dauguer estadioan Aurillacen aurka. Zuri-urdinek aurkari zuzen bat izango dute aurrean, datorren urtean maila nagusian aritu nahi baitu gaur Baionan bisitari izango den taldeak ere.
Gaur 19.00etan hasiko den partida talde zuri-urdinak irabaziko balu, sailkapenean gutxienez zazpi puntu kenduko lizkioke talde frantziarrari, baina galduko balu, Aurillac Avironen aurretik jarriko litzateke, une honetan hiru puntuko tartea besterik ez baitago bien artean.
Aviron indartsu ari da etxean, eta aurten kanpoan ere nahiko talde segurua bihurtu da. Horregatik, zaleek itxaropena badute eta badakite sailkapeneko lehen postu horretan sartzeko itxaropenak izateko puntuak launaka batu behar direla. Lyonek jarraitzen du Pro 2ko lehen postuan, eta 14 puntu ateratzen dizkio bigarren postuan dagoen Avironi. Zuzenean, aurrenekoa besterik ez da igotzen, eta ondorengo laurek kanporaketa jokatu beharko dute. Aurreneko postu hori zaila dago, baina kanporaketak jokatzeko aukerekin talde asko daude, eta Avironek ezin du aurkari zuzen batekin hutsik egin.
Ordu erdi beranduago, Biarritzek Bourgoinen zelaian jokatuko du. Oporren aurreko jardunaldian amaitu zen Biarritzen gorakada, eta orain berriro ere atzeko postuetan sartuta dago, nahiz eta oraindik jaitsierako postuetatik libre dagoen. Zuri-gorriek ere aurkari zuzen baten aurkako norgehiagoka izango dute, eta garaipena lortuko balute jauzi ederra egingo lukete.
Une honetan, Bourgoin sailkapenean aurretik dago, baina puntu bakar bateko tartea besterik ez dago bien artean. Biarritzek gaur garaipena lortuko balu, aurretik jarriko litzateke, eta galduta atzerapausoa emango luke, nahiz eta ez litzatekeen jaitsierako postuetan sartuko. Aurreko jardunaldian galdu egin bazuen ere, Biarritzek gorakada handia eman zuen, baina orain ikusi beharko da nola joan zaizkien Gabonetako oporrak. Jaitsiera ez dute oso urruti, eta behar diren puntuak ahalik eta azkarren lortu behar dituzte, gero lasaiago ibili ahal izateko.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
