Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Hegazti gripea erauzteko 10.000 oilasko akabatu dituzte Gabadin

Estatuko hainbat departamendutan azken asteotan gertatu bezala, hegazti gripea euskal lurraldera ere iritsi da. Atzo ezagutu zen lehen kasua. Nafarroa Behereko hegazti haztegi batean 10.000 oilasko eta 4.000 ahate hil eta neurri zorrotzak hartu dituzte ondorioz.

Hegazti gripeak asteak darama inguruko departamendu eta eskualdeetako (Bearno, Landak...) etxaldeak jotzen. Orotara, estatu osoan 67 kasu agertu dira. Oraingoan, ordea, euskal lurraldeko mugak igaro ditu lehenengoz. Amikuzeko Gabadi herrixkan dagoen Oihan Kaskoa baserrian gaitzaz kutsatutako oilaskoak atzeman dituzte, eta izurritea erauzteko asmoz, bertako 14.000 hegaztiak (10.000 oilasko eta 4.000 ahate) hil egin dituzte. Gaitza hartzen ari den hedapenaz kezkatuta, gobernu frantsesak duela bi aste abian jarritako protokoloa indarrean jarri dute berehala. Horri, Pirinio Atlantikoetako prefetak erantsitako neurriak gehitu zaizkio.

Hala, Oihan Kaskoa desinfektatu bitartean, hiru astez gutxienez itxita izango da etxaldea. Segurtasun perimetroa hiru kilometroz zabaldu dute eta zaintza eremuak, berriz, hamar kilometro inguruko buelta hartuko du.

Nafarroa Behereko Gabadi herria ez ezik, Aiziritze, Amendüze, Arboti, Ilharre eta Labetze herriak ere kokatzen dira eremu horretan.

Ez salmentarik, ez ehizarik

Segurtasun neurriak inguruko baserrietan ere aplikatzeko agindua eman du Prefeturak, batik bat, hegaztiak hazten dituztenetan. Ondorioz, Amikuze eskualdeko hegaztiak ezingo dira saldu oraingoz, ezta beren arrautzak ere, eta inguruan dauden bi haztegietan soilik pertsona baimenduak sartuko dira.

Zaintza eremu barnean dauden edozein motatako hegaztien lekualdaketak debekatu egin dituzte, baita beren lumak biltzea eta garraiatzea ere. Azoketan ezingo da hegazti bizirik saldu.

Gainera, aipatu eremuan ezingo da ehizan egin, basa-hegaztiek ere gaitza izan dezaketelako eta, horrenbestez, kutsatzeko arriskua emendatuko litzatekeelako. Neurri hauek guztiak gutxienez hilabeteko epean izango dira indarrean.

Azaroaren 25ean azaldu zen lehen kasua Dordoina departamenduan eta, geroztik, Estatu frantseseko hego-mendebaldeko zazpi departamendutara zabaldu da gaitza. Hegazti gripeak bereziki erasan du Landetan (30 etxalde) eta Bearnon (11 ).

Gaitzaren hedapena ekiditeko gobernuak kontrol neurri zorrotzak eman ditu plantan. Duela hilabete batzuk Ameriketako Estatu Batuetan izandako izurritearen tamainarekin ez duela zerikusirik ohartarazi dute agintariek, nahiz eta esportazioetan eragina izango duela onartu duten. Bide batez, gogoratu dute H5 motako gripeak ez daukala arriskurik gizakientzat.

Agalaxia susmoak

Bestalde, agalaxia izango zutelako susmoak tarteko, aste honetan jakin da ahuntz-talde bat akabatu egin dutela Montorin. Zuberoako abeltzaina bere jarduera utzi aurretik ahuntzak salmentan jartzera zihoanean agertu ziren ardi-aziendak bereziki jotzen dituen gaitzaren seinaleak. Ondorioz, ahuntz talde osoa sakrifikatu zuten.

Azterketen emaitzak ez du oraindik baieztatu ahuntzon gaitza ohiko agalaxia edo beste motakoren bat den. Oraingoz ez da beste kasurik agertu baina inguruko ustiategietan, kontrol neurriak hartu dituzte eta, besteak beste, odol azterketak egiten ari dira abereei eta esnea ere aztertuko dute.

2008 eta 2010ean, hainbat arrisku eremu finkatu ziren Ipar Euskal Herrian eta artaldeen larre aldaketak ere debekatu egin ziren gaitza ez hedatzeko.