G. M. ZUBIARRAIN
BAIONA

308.186 biztanleko errolda du Ipar Euskal Herriak, 2008an baino 10.000 gehiago

Biztanleriak %3,19 egin du gora azken bost urteetan Ipar Euskal Herrian, nagusiki Lapurdiko kostaldeari esker. INSEE frantses estatistika erakundeak urtarrilaren lehenarekin batera argitara eman dituen azken biztanle erroldako datuek, 2013. urteari dagozkionek, erakusten dute biztanleriaren hazkunde aipagarri hori. Barruti guzti-guztietan egin du gora herritarren kopuruak.

Batez bestekoz gehien hazi dena Zuberoa eta Nafarroa Behereko hegoaldea biltzen dituen Euskal Mendialdea kantoia da, %5 pasa. 2.000 biztanle irabazi ditu oro har barnealdeak, eta huste joeran inflexio puntua gertatu. Urbanizazio zantzurik ez da ageri, ordea, landa eremuan. Barnealdeko lau herri handienek, Maulek, Donapaleuk, Garazik eta Baigorrik ez dute ia hazkunderik izan; alderantziz, Zuberoako hiriburuak 140 biztanle galdu ditu.

Baiona 50.000ko langan

Hazi eta hazi dabil Lapurdi. Baiona ia %7 hazi da eta 48.873 herritar ditu erroldan uneotan; bera da hiririk handiena. Hurrengo erroldarako 50.000 biztanleko langa gaindituko duela erakusten dute datuek. Ondoren Angelu dator, 40.547 biztanlerekin. Lapurdiko hiri handienetan Biarritzek eta Donibane Lohizunek biztanleria galdu dute, %4 eta %6 hurrenez hurren. Deigarria da Hendaiaren kasua, %19 hazi baita Bidasoa ertzeko hiria, 17.303 biztanleraino. 2.800 biztanle gehiago da hori.

INSEEren datuek ere argi erakusten dute Lapurdi kostaldeaz gain, Lapurdi erdi-ipar aldea urbanizatze prozesu betean murgilduta dagoela. Batez bestekoei erreparatuz, bost urtean %10 baino gehiago hazi diren herri guztiak hor daude: Larresoro (%23), aipatu Hendaia (%19), Milafranga (%15), Urruña (ia %14), Senpere (%12), Urketa (%11), Hazparne (ia %11) eta Azkaine (%10). Uztaritze, Kanbo, Bidarte eta Sarak ere %6-8 tarte horretan egin dute gora, lurraldearen batez bestekotik ondo gora alegia.

Herrialdeei erreparatuz, Lapurdik 260.000 biztanle ditu; Zuberoan eta Nafarroa Beherean, aldiz, 49.000 herritar daude.