Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Irudimena agintari, bai zera!

Nago ni, albisteak albiste, oraingo urtea etorria dela aurrekoa joana den bide beretik. Urte berria baino, egunen segida da dagoena. Etenik ez duen egunen bidea, hots, denbora. Beste gauza bat da gu tematzea denboran etenak sortzen. Baina hori gure arazoa da, erosotasuna, prozesuak berak ulertzeko dugun iraganetiko inertziaren keriaz; bide berriak asmatzeko ezinean, «irudimena agintari» hura 1968ko maiatzeko hormetan grafiti huts utzita. Tira, demontre Julen, harira! Zahar esaten dugun urtea Sena ibai bazterrean izandako COPeko goi-bileraz joan zen, eta berri esaten dugun hau Estaturantz auskaloko bidetik doan Kataluniako CUPeko goi-bileratik etorri. Bata zein bestea arazoen erakusleiho, konponbideena baino. Are, batzuetan horkonponbideak dira bileratik atereak. Klimak itxaron dezakeen ustea kasu bietan, bigarrenean klimax politikoaz ari badira ere. Usteak ustel ala ustelak uste? Klimak berak ere, ganorazko edozein prozesutan legez, etenik ez duela konturatu gabe. Jakina, iraultzaren izenean betiere! Hain da inportantea, iraultza! Nahiz eta inoiz abiatu ez, iraultza abiapuntu! Joango al gara baino gehiago joango algarete! Aurrerapausorik gabeko iraultza gorringo gabeko arrautza. Eta horretan dago ezkerra esaten den hori, han, hor eta hemen, madarikatzen dugun eremu honetatik amets dugun auskaloko horretara di-da bateko jauzi garbi bakar batez nola pasa ezbaian, tabernako barraren izkinan, lupetza zapaldu gabeko jauzia betiere. Amen. Ezker hori, statu quoaren eskerra! Borroka molde zaharrak Jainko hartuta, klase zahar galduen bila antzu; iraultza abiapuntu! Amen. Baina naturan ez da lupetzik gabeko biderik. Lupetzean dabilenak baino ez du aztarna uzten… bidean. Eta ez da jausi gabeko jauzirik!