Lau euskal enpresa, berrikuntzarako Europako diru laguntzen onuradun
Tecnalia, Fagor Ederlan, Gamesa eta Gogoa Mobility Robots enpresek berrikuntza finantzatzeko Europako laguntzak jasoko dituzte, deialdira aurkeztutako 231 eskaeren artean aukeratuak izan ostean. Guztira, 67 izango dira Europan laguntza jasotzen dutenak.

Berrikuntzan oinarritutako proiektuak finantzatzeko Europako diru laguntza jasoko dute lau euskal enpresak. Fagor Ederlan, Tecnalia, Gamesa eta Gogoa Mobility Robots enpresak izango dira onuradunak, deialdira aurkeztutako 231 proiektuen artean aukeratuta izan eta gero. Guztira Europako 67 enpresa izan dira hautatuak Fast Track to Innovation programaren barruan. Gainera, onartutako hamabost proiektuen artean hirutan parte hartzen dute lau euskal enpresa hauek. Spri Taldearen arabera, laguntzaren onarpena «arrakasta ukaezina da» talde onuradunentzat.
Fast Track to Innovation Europar Batasunak berrikuntza ekintzak finantzatzeko erabiltzen dituen bi tresna nagusietako bat da, ETErekin batera. Horizonte 2020 programaren barruan kokatzen da, hau da, ikerketa, berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzeko munduko inbertsio programa publiko handienean. Europako Batzordeak 80.000 milioi euro bideratuko ditu programa hori 2014-2020 epean aurrera eramateko. Diru hori berrikuntza prozesuetako etapa guztietarako finantzaketa emateko erabiliko da.
200 milioi euro
Fast Track to Innovation programa pilotuak 200 milioi euro banatuko ditu 2015. eta 2016. urteen bitartean. Berezitasun nagusia da laguntzak ez direla sektore zehatzetara bideratzen, lidergoa eta erronka sozialen inguruko ideiak finantzatzea baitu helburu.
Fagor Ederlan eta Tecnaliak ia hiru milioi euroko finantzaketa lortu dute fabrikazio aurreratuarekin eta energiarekin lotutako proiektu bati esker. Fagor Ederlan proiektuko koordinatzaile izango da eta Italia, Danimarka eta Estatu frantseseko enpresa banak ere parte hartuko dute. Gamesak 2,3 milioi euro eskuratu ditu energiaren sektoreko proiektu baterako, non bazkide gisa parte hartuko baitu Holanda, Grezia eta Britainia Handiko beste lau enpresarekin.
Azkenik, Gogoa Mobility Robots enpresak 1,5 milioi euroko laguntza eskuratu du osasun arloko proiektu baterako. Italiako eta Estatu frantseseko bi enpresarekin eta Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenarekin (CSIC) kolaboratuko du koordinatzaile moduan.
Laguntzak hiru sektore hauetara bideratu dira: fabrikazio aurreratua, energia eta osasuna. Izan ere, hiru sektore horietan jarri du arreta Lakuako Gobernuak bere Espezializazio Adimenduneko Ikerketa eta Berrikuntzako Estrategiarekin (RIS3), espezializazio adimenduna baita Europar Batasunak bultzatu duen eredua.
Fast Track to Innovation programak jarraipena izango du 2016an, baina aurreko urtean baino aurrekontu txikiagoarekin: 93.145.000 euro banatuko ditu. 2015ean hiru deialdi egin zituen, bakoitza 33 milioi inguruko aurrekontu sailarekin. Lehenengoa apirilean itxi zen, 269 proposamenetik 16 onartuz, eta IK4-Tekniker euskal teknologia zentroak parte hartzen du horietako batean. Bigarrena irailean itxi zen, eta deialdi horretako onuradun dira aipaturiko lau euskal enpresak. Hirugarren deialdia joan den abenduan itxi zen eta esleitzeko dago oraindik.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
