Zumaiak ez du nesken trainerua aterako aurten
Aita Mari arraun elkarteak igandean Twitter bidez jakinarazi zuen albistea.Arraunlari falta izan da ontzia ez uretaratzeko arrazoi nagusia.

Zumaiako Aita Mari arraun elkarteak aurreko igandean Twitter bidez jakinarazi zuenez, gipuzkoarrek ez dute aurtengo denboraldian emakumezkoen trainerua aterako. «Baiezkoa ematen zuena ezezkoa izan da azkenean, eta Zumaiak ez du emakumezkoen trainerua aterako aurten», zioen zehazki elkartearen txioak. Arraunlari falta izan da zumaiarrak erabakia hartzera bultzatu dituena.
Antza denez, iaz arraun egin zuen taldetik hamar bat neska falta dira, eta denboraldi-aurrea soilik dozena bat kirolarirekin hasi behar izan dute. Zumaiarrek trainerua ere uretaratu dute pare bat aldiz –Twitterreko kontu berean abenduaren 20an eskegitako argazkia ikus daiteke oraindik–, baina azkenean arraunlariz oso larri ibiliko zirela ikusita, nahiago izan dute erabakia lehenbailehen hartu.
Gipuzkoako egunkariek argitaratu dutenez, Zumaiak batel eta trainerilletan lehiatzeko asmoa du, eta ondoren askatasuna emango diete arraunlariei nahi duten traineruan aritzeko. Hainbat neska jadanik hasita omen daude Pasai Donibane eta Oriorekin entrenatzen ere. Hori bai, aurrera begira emakumezkoen trainerua berriz ere uretaratzeko asmoa du elkarteak, besteren artean, beheko mailetatik igo daitezkeen arraunlari gazteak badituztelako.
Kontuan izan behar da Zumaia ezinbesteko taldea izan dela emakumezkoen traineruek azken urteetan izan duten gorakadan. Elkarteak lehiatzen hasi zirenetik, beti egon izan da Euskotren Ligan, eta bi aldiz irabazi du lehiaketa hori (2012 eta 2013). Emakumezkoen Kontxa irabazi zuen lehen euskal taldea ere bada Zumaia, 2013an hain zuzen ere. Eta iaz, Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketak ere irabazi zituen.
Zumaiako Udalaren Twitterreko mezu batek ere, «erantzukizuna» norena den galdetuz, haserrea sortu zuen. Zumaiako EH Bilduk «iruzkin merkea» dela salatu zuen eta elkartea zoriondu zuen «orain arteko lanagatik eta herriari emandako guztiagatik».

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
