Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Bertso musikatuen formula onduta dator Beiraren lan berria

«Margotu berria» bigarren diskarekin taldearen izaera sendotuta eta musikari letrei bezainbesteko garrantzia emanda dator Beira musika taldea. Bertso musikatuekin hasi zuten ibilbideari eutsi dio taldeak, baina gainerako elementuak ere onduz.

Orain hiru urte, “Dena ez denean ezer” lehen diskoan bildu zituen Beira musika taldeak bertso musikatuaren esperientzia laztanduz osatu zituen zenbait abesti eta, “Margotu berria” lan berrian, biziberritu eta «musikari letrei bezainbesteko garrantzia emanda» datoz, Igor Arruabarrena taldeko gitarristak azaldu zuenez.

Bera izan zen orain hamar urte Jon Martin bertsolariarekin batera taldea abian jarri zuena eta, lan berri honetarako, beste hiru musikari ere batu zaizkie: Urtzi Olaziregi (baxua), Gari Amundarain (gitarra) eta Mikel Arruabarrena (bateria). «Eboluzio behar handi bat ikusten genuen eta horregatik fitxatu genituen fenomeno hauek», ziurtatu zuen Arruabarrenak, eta musika tresna berriak sartzeaz batera alderdi musikala ontzen ahalegindu direla gaineratu zuen. «Jonek egiten dituen letrek jarraitzen dute maila bera edo hobea izaten, baina musikalki ere maila hobea eskuratu dugu. Ni askoz lasaiago geratu naiz. Bigarren disko honetan ikusten ahal da Beirak izan dezakeen potentziala», ziurtatu zuen Arruabarrenak.

Alderdi musikaletik disko osatuagoa bada ere, Baga Biga-ko editore Ritxi Aizpuruk Martinek osatzen dituen letrak izan zituen hizpide: «Makulurik behar ez duten esaldiez osatutako diskoa da, ametsez margotua», nabarmendu zuen, eta, bertso musikatuaren formula jarraitzen badu ere, rock kutsuko disko honetan rapa, hip-hopa, popa edota saltsa, estilo anitz topa daitezkeela baieztatu zuen.

Zuzenekoetan sendo

Amundarainek «bertso musikatuaren munduari buelta bat ematen» ahalegindu direla azaldu zuen eta taldeak zuzenekoak emankorrak izan daitezen ahalegin berezia egingo duela ziurtatu zuen. «Kontzertu guztiek edukiko dute berezitasunen bat, goazen tokiko ezaugarriak barneratzen ahaleginduko gara», esan zuen, eta, Aizpuruk gaineratu zuenez, Martinek, bertsolaria den aldetik, zenbaitetan egunerokotasunak agintzen duen neurrira egokituko ditu letrak.