Julen Zabalo
EHUko Soziologia irakaslea
KOLABORAZIOA

Baina zertarako zen politika?

Politikan jarduteko modu nagusi bi bereizi ohi dira haren azterketa klasikoan. Bata norberaren (edo taldearen) balio eta sinesmenei lotu-lotua ari da; eta besteak helburuak lortzea ipintzen du lehentasun modura.

Sinesmenetan oinarritutako politikaren harira antolatzen dira hainbat talde eta erakunde: gizarteak jasaten duen gabeziaren bat zehaztu eta hori konpontzea eta gainditzea da taldeon zeregina, dela gizon eta emakumeen arteko harreman desigualitarioa salatzea, dela hizkuntza edo kultura baten garapena bultzatzea… Lan horretarako, talde eragile aktibo, sendo eta kohesionatua behar da. Pentsaera desberdina izan dezakete beste gai batzuetan, baina taldea sortu duen gabeziari aurre egiteko antzeko diagnosia partekatzen dute. Adibide asko ditugu gure inguruan: Eguzki, Ekologistak Martxan, Bilgune Feminista, Plazandreok, Euskal Herrian Euskaraz, eta abar. Taldea nahiko homogeneoa izan behar da, aurretik zeregin luzea (injustizia salatu, alternatibak proposatu) dute eta, ez bat-batean lortzekoa.

Gaiaren konplexutasunak lehentasunak ezartzera eraman dezake taldea, agian punturen bat lortzea errazagotzat jotzen delako, edo ezinbestekotzat jotzen delako ere. Horrek, ordea, ez du ziurtatzen helburua lortuko denik, eta ohikoa izaten da, orduan, bideratzaileak agertzea (pertsonak eurak, alderdiak), aurkeztu nahi diren ekimenak aurrera eroan nahi badira, beharrezkoa baita gizartearen adostasuna eta sostengua bilatzea. Horrela sortzen dira, besteak beste, azken helburuetan edo eraginkortasunean oinarritutako politikak.

Bigarren politika hauek, beraz, sinesmenak (osoan edo zati bat) lortzeko, norberaren indarra nahikoa ez dela jabeturik sortzen dira. Markatutako helburuaren alde nor gehiago egon litekeen aztertu, eta horiekin batera helburua lortu arteko bidea egitea proposatzen da. Badira ere politika mota honen adibideak Euskal Herrian, hala nola, Gure Esku Dago, Sare, edo Euskal Herria Bildu bera, eta baita gai puntualetan sor daitezkeen bestelako taldeak edo mugimenduak ere (etxegabe-tzeen kontrako plataformak, esate baterako). Noski, talde hauetan helburuak du lehentasuna, eta desberdinen arteko batuketa bilatzen da. Hori da, hain zuzen ere, bere ezaugarri nagusietakoa.

Politika mota biak agertzen dira gure gizartean, eta biak dira beharrezkoak, ez daude elkarren kontraesanean: lehena gai bati eusteko eta bigarrena gaiari lotutako helburu bat lortzeko. Bien arteko harremana, ordea, ez da erraza, eta bakoitzak badu bere arriskua. Azken helburuetan oinarritutako politikarena da sinesmenak erlatibizatzea, eta jardun politikoaren eraginkortasuna lehenetsiz, sinesmenak bigarren maila batean uztea (horrela ez badut egiten, agian ondorioak txarragoak izango dira). Aldiz, bestearen arriskua da helburuen lorpena erlatibiza-tzea, eta sinesmenetan gotortzea, gerta litezkeen ondorioei jaramonik egin gabe (ni zuzen aritu naiz, eta gero gerokoak).

Politikaren desafioa da arrisku horietan ez jaustea, eta ondo asmatzea noiz egin bateragarri edo, unea helduta, bietako zeini eman behar zaion lehentasuna erabakitzea, batzuetan, bateraezin bihur daitezke eta. Hain zuzen ere, ezker abertzalearen ibilbidea bi politika mota hauek batzeko etengabeko ahalegina izan da, eta esango nuke bi aldeetatik jaso dituela kritikak, kasu bakoitzean sinesmenei kasu gehiegi edo gutxiegi egitearren. Batzuek diote, gizartearen nahiez eta iritziaz ahaztu, eta printzipioak inposatzera jokatu duela historikoki; besteek, berriz, emaitza onik ekarri ezin dituen klase arteko aliantzak bultzatu dituela (Monzonen Maltzagako adibidea gogoratuz).

Gaur egun horretan jarraitzen du, eta kritikek ere jarraitzen dute, baina esango nuke sinesmenetan oinarritutako politiken aldekoen salaketa areagotu egin dela, agian 2015eko hauteskunde porrotengatik, edo eman dituen urratsak epelegitzat jo-tzen direlako, edo ezkerretik beste adibide batzuk ikusten direlako... Kontua da nolabaiteko mesfidantza sortu dela helburu zehatzetan antolatu diren era desberdinetako plataformez: EH Bildu, Sare, Gure Esku Dago... Batzuetan helburua epela da, besteetan bidaia-lagunak susmagarriak, eta zenbaitetan bidaia-lagunak eurak dira arazoa.

Purutasun eta erosotasun kontu bat dagoela esango nuke. Purutasuna, gure talde txikian aritzen garen homogeneotasunez eta koherentziaz aritu nahi dugulako; erosotasuna, bidaia-lagun atseginak bilatzen ditugulako, ez gure printzipioekin guztiz bat egiten ez dutenak. Azkenean, esan liteke nahiago dela bidaia lasai egitea (arrazoia beti gurea dela, eta jendeak noizbait ulertuko duela pentsatuta, agian), konplikatu eta ezeroso bihurtzea baino, nahiz eta eraginkorra izateko aukera handiagoak izan. Zertarako balio dute sinesmenek ez bagaituzte hurbiltzen azken helburura?

Gero eta joera handiagoa an-tzematen da gure artean egunez egunekoan zentratzera, txikia babestera eta handia ahaztera, gizarte postmodernoaren erakusle, agian. Baina zertarako zen politika, denon onura ekarriko duten helburuak lortzeko edo norberaren satisfazioa bilatzeko? Orain arteko erantzunak biak lotu nahi zituen; hemendik aurrerakoak?