2016/01/20

ODEI BARROSO
2ZIO RAP TALDEKO KANTARIA ETA BERTSOLARIA

Bertsolaritza munduan egin da ezagun Odei Barroso, eta orain raparen esparruan ere bere tokia egiten ari da 2zio taldearekin. «Bidean», bigarren diskoa, irailaren bukaeran argitaratu zuten, autoekoitzita, eta berrikitan bertako «XXI. mendean» kantuko bideoklipa jarri dute sarean. Barroso eta Jo Olaskoaga lapurtarrarekin batera Gorka Rodrigez algortarra ari da taldean.

«Jendeak dio rapak euskaraz ez duela ondo ematen; ni ez naiz batere ados»
Idoia ERASO|AZKAINE
0120_kul_odei1

Disko berria aurkezteko gaztetxe zein antzokietan jotzen ari dira 2ziokoak. «Jendeak deitu gaitu, eta deitzen segitzen du. Denetan ibiltzen gara, Euskal Herri osoan». Kontzertuen artean geldiune bat egingo dute Kursaalen Bertso Egunean bi kantu interpretatzeko, horietako bat egunerako bereziki egina.

Bigarren diskoa duzue; zein da ezberdintasuna lehenarekiko?

Esango nuke garapen bat, bide bat eginda dagoela. Lehen diskoan talde bat osatzen ari ginen, dena esperimentu bat zen, guk ere ez genekien nora gindoazen, zein rap egin nahi genuen. Disko honetan gehiago zentratu gara guk nahi dugun horretan. Nik erranen nuke disko hau 2zioago dela, bederen hurbiltzen ari dela egin nahi dugun horretara, musikalki edo letretan.

Lehen diskoa “gazteagoa” zen, errebeldea, eta hemen gentozela esateko. Disko hau barnera begirakoa da dexente, kantu askotan gure emozio pertsonal asko dago. Baina beste aldea kendu gabe, kritika sozialak eta politikoak ere badira, baina beste neurri batean. Pixka bat orekatuagoa dela esango nuke, landuagoa eta helduagoa; urte oso bat pasatu dugu hau prestatzen.

«Bidean» du izena. Zergatik?

Artista edo musikariak garenak gure buruaren bila joaten gara, egiten dugunaren bidez, eta zure buruarekin ez zarenez inoiz asebetetzen, horrek erran nahi du «bidean» garapen bat badagoela disko honetan. Askoz gehiago ase gaitu lehenak baino, baina oraindik falta zaigu. Hori da polita azkenean, beti zerbait egin nahia, inoiz erabat lortu gabe. Horrek segiarazten gaitu, erranen nuke bertsotan berdina dela, pixkanaka hurbiltzen zoaz benetan egin nahi duzunera.

Garapena hitzetan bezala musikan ere izan da?

Jo gure beat makerrarentzat, gure lehen diskoa bere hasiera ere bazen. Baseak egiten ditu, eta zeukan gaitasuna handitzen joan da, gurea bezala, eta hurbilago dago gure estilotik.

Lehen diskoak badu ukitu elektroniko pixka bat, rapa izanik ere. Aldiz, oraingoa dena sanpleekin egina dago, eta berak lantzen du. Abantaila da, beatmaker izatea; rapero askori gertatzen zaie ez dutela horrelakorik. Guk hasieratik Jo dugu, eta hiruron garapen bat da.

Euskal Herrian ez du presentzia handirik musika estilo horrek. Zergatik rapa?

2ziorekin hasi ginenean ez genuen klabe horretan pentsatzen. Natural atera zitzaigun euskaraz egitea eta rapa egitea. Gorkak eta biok rapa egiten genuen lehendik, Jok ere bai, topatu ginen eta dudarik ez zen eginen genuenaz. Kezka izanen zen espainolez edo frantsesez egin izan bagenu, orduan bai galdera izango zen: zergatik egin duzu erdaraz? Jendeak galdetzen digu zergatik egin dugun euskaraz, egin dugu euskaldunak garelako, naturalki ateratzen zaigu.

Egia da Euskal Herrian rapa ez dela anitz hedatu eta badela lan anitz egiteko. Rapak edo raperoek pentsatu beharko dugu zer eskaintzen joan garen eta zer eskaintzera goazen. Euskal Herrian beste estilo batzuek hartu dute gaina, askoz errazago da jendeak zu onartzea, eskema horretan sartzen bazara. Gure galdera da zergatik ezin den euskaraz kalitatezko rapa. Gustatuko zaizu edo ez, baina ez ezazula esan gaizki egina dagoenik.

Maiz gaizkiago egindako musikak errazago barneratzen ditugu, zerbait berria eta ezberdina baino. Hori da egiteko dugun kritika: arrotzegia zaigu raparen edo hip hoparen mundua? Ez dut uste, uste dut estereotipo asko daudela, aurreiritzi anitz, eta horrek distantzia markatu izan duela. Ea hausten dugun; pixkanaka hausten goaz.

Rapa zer den deskubritzen ari al da euskal gizartea?

Baietz uste dut, entzule euskaldun anitz ari dira deskubritzen euskarazko rapa, ez rapa bera, baina euskarazkoa bai. Ikusi besterik ez dago 2015ean euskarazko zortzi-hamar rap disko atera direla. Bada zerbait mugitzen ari dena, zabaltzen doana pixkanaka.

Rapa den neurrian, hizkuntza zaindu behar da. Iritzi pertsonala da, ez taldearena: maiz euskaraz rapa egin delarik, ez da aski zaindu hizkuntza. Anitz egin da itzulpena espainoletik, ez zen naturala. Jendeak esaten zuen rapak euskaraz ez duela ondo ematen. Ni ez naiz batere ados, baina jende horri erakutsi behar zaio euskaraz rapak ondo eman dezakeela. Badira taldeak kristoren esfortzua egiten ari direnak, eta ez da erraza; plazer bat da euskaraz entzutea.

Nik beti defendatu dut euskaraz den heinean pozik hartuko dudala. Zer gertatu da, Barakaldon sortu dira talde anitz, ez da gune euskalduna, eta egia da gipuzkoar bati belarrira ematen diola euskara horrek, baina indar bat egin dute euskaraz eramateko. Orain guri dagokigu indar bat egitea euskara zaintzeko, zeren rapean baino pisu handiagoa estilo gutxitan dute hitzek.

Hitzaren garrantziaren haritik, izan daiteke bertsolaritzak hartua duela Euskal Herrian beste toki batzuetan rapak hartu duen eremua?

Ez dut uste, bertsoaren kontestua eta raparena aski ezberdinak dira. Aldiz, uste dut jendea exijenteagoa dela hizkuntzarekiko, bertsolariek egiten dutena ikusita, norbait hizkuntzarekin jolastera baldin badator, “nahiko trakets”, jendeari ez zaio belarrian sartzen. Agian, horretan badu eragina.

Bat-batekotasuna ere bada rapa, baina zuek ez duzue egiten.

Abestiak eginda daude, eta 2zio hori da. Ni naiz bat-batean dabilena, Odei bezala, baina Gorka ez; orduan ez dugu hori egiten.

Ezagunak dira rapean egiten diren bataila mintzatuak?

Raparen bidezko batailak, batallas de gallo esaten zaie espainolez, nik ez ditut maite. Iruditzen zait nire baloreetatik kanpo kokatzen direla erabat. Matxistak dira, xenofoboak… denetarik entzun daiteke hor. Bataila horietan transmititzen ari den eredua ondokoa umiliatzea da. Gertatu zait horren aurrean topatzea eta gaizki pasatu nuen; nik nire moduan egin nuen, hala ere. Egituraketa guztiz arrotza zait. Gainera bertsolaritza dugunean Euskal Herrian, barkatuko didate, baina hori patetikoa da.

Gorka algortarra da baina talde lapurtar gisa aurkezten zarete. Orain 2ziok rapa ezagutarazi eta mugak hautsi nahi ditu?

Bai, harrigarria da ze muga dauden. Frustratu egiten naiz. Hasieran rap munduan ere ez pentsa taldeek ongietorria egin zigutenik. Gaztetxeetan oraindik “Frantzia” deitzen diote honi, eta haserretu egiten naiz. Niri Frantzian nagoela esaten badidate, erantzuten diet beraiek Espainian baldin badira orduan baietz. Horrela erantzuten dut zuzenean, ze nekagarria da hain abertzale, ezkertiar eta euskaldun izanda gu izatea lehenak honi Frantzia deitzen.

Polita da aurreiritziak haustea ere, rapa ez dela bakarrik norberaren egoa puzteko, euskaraz rapa egin daitekeela, mugarik ez dagoela gure herrian. Euskaldunontzat behintzat, euskara hizkuntza dugunontzat eta herri bat ikusten dugunontzat ez dago mugarik, orduan guk guzti hori daramagu gurekin, eta naturalki beti.

 

«Rapean ezin duzu ez poesia gehiegi egin, ezta gehiegi sakondu ere; mezuak argiak izan behar dira»

Bideoklip berria aurkeztu zenuten joan den astean, zuen ibilbideko bigarrena.

“XXI. mendea” kantuaren klipa da, kritika sozial bat gure bizitzari. Kritika zuzen bat. Eta gustatu zaiguna da bideoko irudiek ez dutela erakusten zuzenean kontatzen ari garena, baina esaten ari garenaren kontestuan daude, eta badu bere historia. Ez da ‘sagarra’ esan eta sagarra agertzen. Beste modu batean pentsatuta dago,

Pette Etxebarriarekin egin dugu, eta Maulen grabatuta dago gehiena. Zuri-beltzekoa eta irudikera nahiko iluna du, baina 2ziok hortik ere badu, kantu nahiko ilunak egiten ditugu, giro iluna sortzen da.

Zer kontatzen du?

Abestiak eguneroko adibideak ematen ditu: “XXI. mendean oraindik atzerakoi, bidea egin gabe, ukitu nahi da gailurra, aitzina joateko arrazoi bakarra da gelditzeko beldurra. Gizakiak ditu presak, estresak…”. Horri buruz da, gure bizitzeko modua, mugikorrak, presaka, ondokoari gertatzen zaiona bost axola zaigu, emakumearekiko trataera…

Baduzunean abesti bat bakarrik gai sozialak agertzeko, bakarrik laginak utz ditzakezu. Hori da rapak duena, rapean ezin duzu ez poesia gehiegi egin, ezta gehiegi sakondu ere; mezuak argiak dira. Letra asko dago, eta metafora gehiegi badoaz, ezin duzu ulertu. Irakurtzen baduzu bai, entzuten baduzu ez; behar du bien arteko oreka bat ukan. Irudikera, baina baita mezu erraz eta zuzena.

Ildo horretan, pertsonak agertzen dira egunerokoan, autoa garbitzen, ilea orrazten, ordenagailuan, beste bat mugikorrez hitz egiten… eta beti badago bola bat, bola handi zuri bat. Hasieran ez zara bortxaz horretaz ohartzen; hor dago baina besterik gabe. Klipak hiru parte ditu, eta hirugarren partean jada agertzen dira pertsonaiak benetan bola ondoan dutela, ikusten da hor dagoela. Zer da bola hori? Sistema da, zaintzen gaituena, etengabe gure gainean dagoena, gure atzean, zer egiten dugun begiratzen. Pixka bat big brother bat bezala. Klipa gu bolari begira gaudela bukatzen da. Azkenean abestia bola horri abesten diogu.I.E.

Polita da aurreiritziak haustea: rapa ez dela bakarrik norberaren egoa puzteko, euskaraz rapa egin daitekeela, mugarik ez dagoela gure herrian euskaldunontzat...

Rapean egiten diren «batallas de gallo» delakoen eredua ondokoa umiliatzea da. Euskal Herrian bertsolaritza dugunean, barkatuko didate, baina hori patetikoa da.