Maider IANTZI
San Sebastian eguna

DANBORREKIN DANTZAN... BAITA WROCLAW-EN ERE

ZANGOZA, LAKUNTZA, TAFALLA, AZPEITIA... ETA, BEREZIKI, DONOSTIA TARRAPATEZ ALAITU DITU SAN SEBASTIAN EGUNAK. ALDERDI EDERREN, POLONIAKO WROCLAWDARREKIN PARTEKATU DITUZTE TXIKIEK DOINUAK. HUNKIGARRIA IZAN DA «SAN SEBASTIAN MARTXA» BATERA JOTZEA, BAITA CRISTINA IGLESIAS ESKULTOREAK URREZKO DANBORRA JASOTZEA ERE.

Eguerdia. Igaro da trantsizio garaia Alde Zaharrean, gaupaseroak erretiratu dira eta tabernak eta kaleak garbitu dituzte berriro bisitariak hartzeko. Balkoi eta leihoak txuri-urdinez jantzita daude eta kale guztietan aditzen dira tarero-tarero doinuak.

Eguerdia. Danborrari txikien txanda. Ohi bezala, baina eguraldi ona dela-eta lasaiago, kostata ailegatu gara Alderdi Ederrera, hesien gibelean pilatutako guraso, aitatxi-amatxi, bertze senide eta herritar ugariren artetik. Haur guztiak, ia 5.000, lorategien inguruan kokatuta daude, irakasle eta guraso batzuk lagun. Emozioz eta urduritasunez gainezka daude denak, txikiak eta handiak.

Eguzkiak are ikusgarriago egiten du osatu duten mosaiko koloretsua. Ane Martinez Easo Ederrak eta Alvaro Larrea Jeneralak hartu dute hitza udaletxeko balkoian, agintarien ondoan. Ingelesez ere ausartu dira. Izan ere, ez zaizkie herrikideei soilik zuzentzen, publiko zabalagoa dute. 2.116 kilometrora adi-adi dituzte, pantaila handiaren bestaldean, Donostiarekin kultur hiriburutza partekatzen duen Wroclaw-ko 4.000 ume.

Hunkigarria da bi aldeetako ahots, danbor eta dantzek bat egitea. Une gorena “San Sebastian martxa” elkarrekin jotzen hasi direnean etorri da. Ondotik, Europako ereserkia eta Donostiako antzinako himnoa. Eta abiatu dira txikiak kaleak konkistatzera. Banan-banan, era ordenatuan eta indartsu ateratzen doaz konpainiak. Agur egiten diete balkoietatik eta hesien gibeletik, harrotasunez.

Garazi eta Leire La Anunciata ikastetxeko ikasleak atseden hartzen ari dira beren txanda iritsi aitzinetik, patata batzuk janez. Bat sukaldaria da, bertzea banderaduna. «Zer moduz» galdetuta, «ondo, ez du-eta euririk egiten» erantzun digute. Hirugarren aldia dute danborradan. Aurten abesti berri bat jotzen ikasi behar izan dute, Europako ereserkia, eta sukaldariak azaldu du pixka bat kosta zaiola.

Urrezko Danborra

Bitartean, barrenean ere Sarriegiren martxa aditzen da. Udalbatza aretoa gainezka dago, bezperan Hiritar Merezimenduaren dominak banatu zituztenean baino beteago. Gonbidatuen artean, batzuk aurreko eguneko berak; adibidez, Pablo Berastegui 2016ko zuzendaria, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eider Mendoza Batzar Nagusietako presidentea.

Bertzeak, aldiz, berriak. Eta horien artean, ikusmin handiena sortu duena, Pedro Sanchez, PSOEren hautagaia espainiar Gobernuko presidente izateko. Haurren danborrada ere ikusi du Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiarekin batera, Ernesto Gasco zinegotzia anfitrioi.

Baina ekitaldiko protagonista Cristina Iglesias eskultorea da. Narrika kalean jaiotako “koxkerak” jada ondoan ez duen amari eskaini dio Urrezko Danborra, berak erakutsi ziolako Donostia maitatzen.

Horregatik, munduan barna ibili arren, beti sentitu da donostiarra eta Narrika kalekoa. Eta horregatik, sari hau hagitz berezia izan da beretzat, bere hiriak emandakoa delako.

Arte garaikidean eredu

Esker hitzak izan ditu Iglesiasek bere ibilbidearen errepasoa egin duen Angel Gabilondo Madrilgo Unibertsitateko katedradun eta espainiar Hezkuntza ministro izandakoarentzat, Eneko Goia alkatearentzat eta saria merezi duela pentsatu duten guztientzat. Artea leku bat da berarentzat, bertzeekin topatzeko balio duena; hizkuntza bizi bat ere bada, gure imajinarioan ateak irekitzen dituena. «2016ko hiriburutzak Donostia munduan arte garaikidearen erreferente bihurtzea nahiko nuke», adierazi du.

Urrezko Danborraren parte egin ditu berekin lan egin duten guztiak eta, nola ez, familia: aita, senideak eta jada hemen ez dauden anaia eta ama.

Alkateak, danborra eman eta berarekin pixka bat dantzatu aitzinetik, Iglesiasen obrak duen gizatasuna azpimarratu du. «Berdin dio bakoitza non dagoen edo nondik datorren, bakoitzak bere haurtzaroko esperientziak Cristinaren obrarekin uztartzen ditu. Gonbidapena luzatzen duten espazioekin».

Serio hasi, pozez segi

Baina goazen berriz kanpora, jaiak ez duelako etenik. Alde Zaharra girotzen dabilen Sheshenarena kultur elkartearen konpartsako kide Aitorrek hala azaldu digu besta barrutik: «Serio hasten gara eta denbora pasatzen den heinean dantzari ekiten diogu, poztasunez. Ederki pasatzen dugu».

80 barril eta 40 danbor inguru dira laugarrenez atera den taldean. Ordua jarri eta taberna batean elkartu dira goizean. Indarrak hartu eta 13.00etatik 16.00etara jo dute, ostatuetan geldituz. Kontatu digunez, beti omentzen dute norbait, aurten Miguel Santos Gipuzkoa Basketeko ohorezko presidentea.