Beñi Agirre
Euskara irakaslea
KOLABORAZIOA

Zerk ematen dien min

Cisneros kardinala Gaztelako erregeordetzara iritsi zenean, espainiarrek Nafarroa Garaiko gaztelu guztiak lurrera bota zituzten. Hiru arrazoi nagusi zituzten: bata, Albako dukearen eskutik konkistatutako Nafarroan nork agintzen zuen erakutsi eta biolentzia bortitzena erabiltzeko gogoa zutela adierazi beharra; horregatik, adibidez, suntsitu eta arpilatu zuten Donibane Garazi. Bigarrena, nafarrek ongi ezagutzen zituzten gaztelu haiek independentzia berreskuratzeko ez erabiltzea. Hirugarrena, eta ez horregatik txikiena, hiritar haiek eta etorkizunean Nafarroatik igaroko zen jendeak herri subirano baten bortxazko konkista gogora zezakeen ezer bistan ez geratzea. Zuk errango duzu, «Nafarroa bortxaz konkistatua izan zen», eta esango dizute, &bs;«non daude frogak?».

Hirutik hirurak sinatuko lituzke Niccolo Machiavelli estratega eta idazleak. Biolentziaren monopolioa justifikatu, militarki hobekien babesteko neurriak hartu eta printze berria zarela onar zezaten, irabazitako lurretan jendearen memoria historikoa gogora lezakeen guztia deuseztatu; horretarako, lurra birrindu behar baduzu ere. Alfontso VIII.aren gaztelarrek gauza bera egin zuten nafar mendebaldea inbaditu zutenean, 1200eko konkistan. Lur emankorra beretzeaz gain, itsasorako bidea lapurtu zioten erreinuari, horrekin Nafarroa murriztua ekonomikoki ito zedin. Horrez gain, dorre eta gazteluak suntsitu zituzten, gero, Seguran, Ordizian, Tolosan… euren gerrariak babesteko gotorlekuak eraikitzeko. Euskal Autonomia Erkidegoan hiri nafarrak? Non?

1512ko konkistaren errelato ofizial espainiarra gezurtatzeko, Euskal Herriko nafarzale askok bultzatuta manifestazio nazional erraldoienetako bat egin genuen Iruñean, 2012ko ekainaren 16an. Zerbait bizia izan zen, ezberdina; nafar Diada nazionala. Ilusioa eta herri bakarra sumatzen zen zanpantzarren eta herrietako izenak zeramatzaten jendearen atzean; ustekabekoa izan zen, herri behetik sortua, alderdi politikoek babestua baina protagonista izan gabe. Behin bakarrik egin zen.

Hala eta guztiz ere, Nabarraldek ez du etsi. Memoria historikoa, identitatea, estatua izanaren oroimena, kultura, euskara… Modu xume eta tartekako kontraesanak eta guzti, herri honek bere izanaren kontzientziarik ez badu, akabo herria, akabo estatua eta akabo justizia soziala.

Oroimen lekuak, ikurrak, euskal-nafarrona den iruditeria osoa desitxuratzeko lanean jarraitzen dute gobernatzen gaituzten bi estatuek. Orreagan, adibidez, baskoiak irabazle izan baziren ere, Roldan eta Karlomagnoren gorazarre irudiak daude soil-soilik. Baskoiek irabazi eta ondoren Iruñeko erresuma sortu zutela gogoratzen duen eskulturarik ez, artelanik ez, bertan gertatutako pasarte historikoak kontatuko dituen mezurik ez. Zer geratzen da euskararen oroigarri Tafallan? Zer dago Nafarroa zenaren garaia oroitzen duenik Bilbon? Malmasingo gaztelua? Nork ezagutzen du hori?

Nafarroa Bizirik ekimeneko jendea burdinazko xaflak jartzen ari da gure oroimen lekuak bistaratzeko, Cisnerosen aginduz bota ziren harrizko dorreen oinetan. Testu txiki batekin gogoratzen dute eraikuntzen historia, esanahia eta garrantzia. Xafla hauek lurralde osoan zehar daude, nafar gazteluak Euskal Herri osoan zehar eraiki baitziren euskaldunon defentsarako.

Burdinazko informazio taula horiek gure izanaren memoria erakutsi besterik ez dute egiten. Ez dira suntsiketa masiborako armak. Kultura eta identitatea berreskuratzeko lagungarri, besterik ez. Bada, oraintxe, rotaflexez armatutako gerrari batzuk ondotik ebakitzen ari dira xafla horiek. Etsaiari min handia ematen dio 36ko oldartze faxistak bide bazterretan ezkutatu zuena argira ateratzeak; eta bistan denez, herri inbaditua garela eta subiranoa izateko ehunka mila nafarrek bizia eman dutela burdinazko xafla batean idatziz gogorarazteak ez die, bada, min gutxiago ematen. Zergatik ote?