Avironek Carcassonne hartuko du Jean Dauguer estadioan eta Biarritzek Albiri egingo dio bisita
Pro 2 Mailan berriro ere garrantzi handiko norgehiagokak izango dituzte Avironek eta Biarritzek. Hiriburukoak maila nagusira igotzeko borrokan dabiltza, eta besteak, berriz, dauden lekuan jarraitu nahi dute. Horretarako, bientzat dira premiazkoak puntuak eta horretan ahaleginduko dira gaur. Hemendik aurrera egiten dituzten hutsak oso garesti ordainduko dituzte talde guztiek.
Baionako Avironek ezustean galdu zuen joan den astean azkeneko sailkatuaren zelaian, eta gaur horri buelta eman eta berriro ere garaipenen bidera itzuli nahi du 19.30ean Jean Dauguer estadioan; zuri-urdinek huts egin ezin duten partida horietakoa da hori.
Zuri-urdinek Tarben galdu ostean, bigarren postua ere galdu zuten, eta orain hirugarren daude. Carcassonne, aldiz, hamahirugarren postuan dago, jaitsieratik hiru puntura bakarrik, eta deskalabru handia izango litzateke gaur etxean galtzea. Irabazteaz gain, puntu gehigarria ere nahi dutela adierazi dute hiriburukoek, eta ez litzateke gaizki etorriko puntu hori ere. Irabazita, gainera, Biarritzi ere mesede galanta egingo lioke Avironek; izan ere, Carcassonnek Biarritzek baino puntu bakar bat gutxiago baitu, eta sailkapenean postu bat atzetik dago.
Taldeak alboan ditu zaleak eta gaurkoan ere Jean Dauguer zelaiko harmailak beteko ez badira ere, ez dira betetzetik oso aparte geratuko, eta horrek agerian uzten du Baionan mailaz igotzeko dagoen gogoa.
Ordu erdi bat lehenago jokatuko du Biarritzek Albiren zelaian. Ez dute partida erraza zuri-gorriek, aurrean mailaz igo nahi duen taldea baitute. Une honetan igoerako kanporaketak jokatzeko postuetan dago eta honek ere premiazkoak ditu puntuak.
Biarritzek joan den astean garaipen handia eskuratu zuen Agilera estadioan, ongi jokatuta, eta azkeneko partiden porrotak ahazteko ere balio izan zien. Orain bide beretik jarraitu beharra dauka, atzeko postuetan ere borroka handia baitago taldeen artean. Gaur galduta ere, Biarritz ez litzateke jaitsierako postuan sartuko, baina gutxienez puntu bat lortzea ez litzateke gaizki etorriko.

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
