Hondakinak biltzeko sistema mistoa defendatzen du Legazpiko EH Bilduk
Igandean egingo duten galdeketan bi aukera bakarrik ematen dituzte: atez atekoa edo edukiontziak. Bilduk uste du orain duten sistema mistoarekin jarraitzeko modu bakarra atez atekoaren alde egitea dela.

Legazpiarrek igandean erabaki beharko dute euren hondakinak nola jaso; atez ateko sistemarekin edo edukiontziekin. EAJren udal gobernuak orain duten sistema misto eraginkorra (%30 birziklatzetik %82ra pasatu dira) galderatik baztertu du. Hori dela eta, EH Bilduk atez atekoaren alde bozkatzeko eskatu du, uste duelako sistema mistoarekin jarraitzeko modu bakarra dela. «Orain arteko sistema mistoak guztion eskubideak errespetatzen ditu eta emaitza onak ematen ditu», azaldu zuen alderdi abertzaleko udal taldeak ohar baten bidez.
EH Bilduren gobernupean jarri zen martxan sistema mistoa; beira, papera eta plastikoa edukiontzietan jasotzen dute, eta organikoa eta errefusa, atez ate. Udal hauteskundeen ostean EAJk lortu zuen alkatetza eta hondakinen gaineko galdeketa egingo zuela iragarri zuen.
Galdeketa prestatzeko modua ere kritikatu zuen EH Bilduk. Izan ere, Udalak galdera prestatzeko lantaldea osatu zuen, baina «erabaki guztiak aurrez hartuta» zeudela dio. Inolako ekarpenik egiterik ez zutela ikusirik, sindikatuek, auzo elkarteek eta Zero Zabor taldeak lantaldea uztea erabaki zuten.
«Galdeketa honen atzean erabat kutsatzailea den erraustegiaren aldeko apustua dago», Bilduren iritziz, eta horren harira kezka adierazi zuen: «Erraustegia 2.000 eurotik gora kostako zaio Legazpiko familia bakoitzari, eta sortzen dituen hondakin toxikoentzako biltegia gertu dagoen Mutiloa herrira ekartzea aurreikusten da».
Gazte Abertzaleek ere atez atekoaren aldeko botoa eskatu zuten: «Edukiontzietara itzuliz gero, hondakinen gehiengoak errefusaren edukiontzian bukatuko du, Euskal Herriko hainbat herritan gertatzen den bezala. Hondakin horiek zabortegietan bukatuko dute edo erraustegi zikin eta kutsakor baten elikagai gisa».
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
