Jon ORMAZABAL
E

Amezketa, pilota kluben argi-ilunen erakusleiho

Usurbilgo Pagazpe, iazko txapeldunordea, eta Tolosa-Bidegoianeko Aurrera-Saiaz, lehen tituluaren bila.

Urtean zehar nekez izaten duten protagonismoa izango dute gaur arratsaldean, Euskal Herriko Txapelketa Nazionalaren finalaren harira, horrenbeste ordu eta esfortzu eskatzen duten pilota klubek. Bi hilabete eta 21 taldek parte hartu duten txapelketaren ostean, Pagazpe eta Aurrera-Saiaz irtengo dira gaur Larrunarriko erakusleihora eta finala aitzakiatzat hartuz, bi taldeetako arduradunekin aritu gara, gaur egungo pilota kluben argi-ilunen inguruan aritzeko.

Azken urteetan izandako Tolosaldeko profesional uzta oparoarekin, pentsa liteke egoerak inbidia sortzeko modukoa behar lukeela Gipuzkoa erdialdean. Ez da ba, iritzi horretakoa Luis Galarraga, Aurrera-Saiazeko arduraduna. «Jauzia eman duten horiek orain dela hamabi edo hamahiru urte oso egoera ona zelako igo dira. 14 urtez gorako 100 fitxa izatera iritsi ginen eta lehen denek entrenatu ahal izateko frontoiak faltan izaten genituen eta orain entrenatzeko laukotea osatzea bera ere garaipena izaten da», azaldu du.

Bi planotan jartzen ditu honen arrazoiak. Alde batetik, gizartean izandako aldaketa pilotara ere iritsi omen da. «Ez dago klubarekiko sentimendurik, norberaren interesak baino ez dira ikusten. Nik ez dut presiorik sentitzen baina gurasoak berehala hasten dira euren semeak zergatik ez duen jokatu edo zergatik ipini diozu bikote hori galdezka». Adibide orokor batekin ere bikain laburbildu du egungo panorama. «Garai batean gurasoak pilotazaleak izaten ziren, frontoira joatea gustatzen zitzaien eta umea pilotalekura joatera bultzatzen zuten. Gaur egun, gazteek zein ordutan jokatzen duten galdetzen dizute, etorri, jokatu eta berehala alde egiten dute, ez dute ez aurreko ez ondorengo partida ikusten. Giro hori galdu da».

Bigarren arrazoi nagusia, espezifikoagoa da, egutegia. «Niretzat txapelketa ofizialak, federazioek antolatutakoak, izan behar lirateke garrantzitsuenak, baina pribatuak nagusitu dira. Garai batean egutegia osatzeko oso baliagarriak ziren baina orain pribatu piloa sobera daude. Kontua da inork ez dugula gure txapelketa kentzerik nahi; eta hala ditugu pilotariak, hamarretik zortzi eskuak txikituta. Hutsune handiak dira».

Goxokiari ezin uko egin

Pagazpeko Enrique Huizik egoera betiko moduan ikusten du eta diru sariaren «goxokia» hor egonda, «normaltzat» jotzen du pilotariek txapelketa pribatuak jokatu nahi izatea.

Klubetan herriko pilotariak izateari ematen dio garrantzia Usurbilgoak eta hor bai ikusten ditu gabezia ugari Huizik. «Nafarroan, herriak txikiagoak izanda, elkarlanaren bidea beharrezko ikusi zuten eta nik uste dut Gipuzkoara ere helduko dela».

Inork ez du pronostikorik egin nahi

Enrique Huizi eta Luis Galarraga, Pagazpe eta Aurrera-Saiazeko arduradunak bat datoz gaurko finala oso orekatua dagoela nabarmentzerakoan. Galarragak zortzi pilotariek oso ondo elkar ezagutzen dutela nabarmendu du eta halako lehietan, «lehen partida irabaztea erabakigarria» izan ohi dela nabarmendu zuen.

Iazko finala galduta, errebantxarako gogorik baduen galdetuta, Huizik honakoa erantzun zigun. «Bai eta ez. Niretzat finalera iristea izaten da zailena eta politena, eta alde horretatik oso gustura nago egindakoarekin eta ez daukat errebantxa gogorik. Gertatzen dena da iaz aldaketa batzuk egin genituela pilotariekin eta ez genuen asmatu eta hortik bai daukadala gogoa». Gaur aldaketarik egingo ote duen galdetuta, oraindik erabakia hartzeko zuela azaldu zigun. J.O.

Honi buruzko guztia: E