Nobela beltza, kritikotasunetik sistemaren morrontzarako bidea
Detektibeak, sistematik kanpo eta maiz harekin talkan lan egiten zuten ikertzaileak izan dira urte luzez nobela beltzetako protagonistak. Egun, «botereak» bere ondora erakarri eta, hainbatetan, poliziak dira protagonista. Bilakaera hori aztertu du Jon Alonsok.

Elizondon, (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astearen testuinguruan aurkeztuko du gaur Jon Alonsok “Beltzaren koloreak”, generoaren gaineko hausnarketa egitera datorren saiakera. Liburua bazkalosteko saioan aurkeztuko du idazle nafarrak baina, atzo, Donostian eman zituen argitalpenak biltzen dituen gakoen zenbait argibide. Hain justu, liburua egitearen ideia iazko (H)ilbeltzaren baitan sortu zela azaldu zuen, mahai-inguru batean zertaz mintzatuko zen galdegin ziotenean. Alonsok, AEBetan depresio garaian (1929) nobela beltzaren urrezko aroa abiatu zenetik gaur egunera arte generoko protagonistek izan duten bilakaera hautatu zuen hizpide nagusitzat eta hura da, hain zuzen, saiakera honetako abiapuntua.
«Liburuarekin ari nintzela, konturatu naiz nobela beltzean gertatzen ari dela fenomeno bat, orokorrean literaturan ere gertatzen dena: orain 30 urte telebista kate bat edo bi genituen, mezu jakin bat ematen zutenak. Berdin egunkariekin. Baina bazeuden jarduera batzuk hortik kanpo geratzen zirenak, literatura kasu», hausnartu zuen. 70eko hamarkadan, Jean-Patrick Manchettek genero beltza «zapalduen hasperena» eta «bihotzik gabeko mundu baten bihotza» zela esan zuela ekarri zuen gogora Alonsok eta, gaur egunean, generoaz gauza bera esan litekeenik zalantzan jarri zuen. «Gertatu dena da ideologia dominanteak, neoliberalismoak, dituen komunikabide guztiak aski ez eta bazter dauden zirkuituak ere menderatu nahi dituela; nobela beltza bihurtzen ari da ideologia errepikatzeko beste lanabes bat», ziurtatu zuen.
Detektibetik poliziara
Tesi hori argudiatzeko nobela beltzetako protagonistek azken ehun urteetan izandako aldaerez jabetzea besterik ez dago. Alonsok gogora ekarri zuen nobela beltzaren aitatzat hartua den Dashiell Hammetten “Uzta gorria” (1929) edota “Maltako belatza” (1939) eleberrietan protagonistak «gutxi gorabeherako detektibeak» zirela eta horien antagonistak, aldiz, normalean horiekin talkan zeuden poliziak. «‘Maltako belatzan’, Sam Spade detektibe pribatuaren laguna hil egiten dute eta bera da susmagarria, bi polizia etortzen zaizkio galdegitera», oroitu zuen Alonsok, eta halako ereduak literaturan behin eta berriro errepikatu direla argudiatu zuen generoko autore batzuk aipatuz, tartean Raymond Chandler. «Bere kasuan, protagonista eta polizia elkar jotzera ere iristen dira», nabarmendu zuen.
Urte haietan protagonistak detektibe pribatu izateak estatuarekiko mesfidantza islatzen zuela iritzi zion eta, denborarekin, eleberrietako protagonistak sistemaren barruko pertsonaiak izatera iritsi direla azaldu zuen: «Gaur da eguna guardia zibilak direla protagonistak, eta nik horrekin ja ezin dut».
Liburuan, AEBetako autore klasikoak, Europan 70eko hamarkadan izan zen generoaren gorakadako idazleak eta garaikideak ere aztertzen ditu, eta aurrera begirako proposamenik ere egiten du: «Nire gogoeta da badela garaia horri buelta emateko eta benetan salatzeko salatu behar dena, osterantzean hilda gaude eta».

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
