GARA
GROZNY

Putinen aldekoen indar erakustaldia Grozny Txetxeniako hiriburuan

Ramzan Kadirov Txetxeniako Errepublikako presidenteak indar erakustaldi bat egin zuen atzo Grozny hiriburuan ehunka mila lagun elkartuta. Berak Errusiako oposizio liberala salatu ondoren («txakalak» eta «herriaren etsai» deitu zien), Kadirov bera iraindu zuten makina bat hedabidek, eta berak mitin erraldoi bat antolatu zuen erantzun moduan.

Ipar Kaukasoko errepublikako agintariek emandako datuen arabera, milioi bat lagun inguru elkartu ziren hiriburuan. Kontuan hartuta Txetxenia osoan 1,4 milioi pertsona baino ez direla bizi, datu hori puztuta dagoela pentsa daiteke, baina mobilizazioko irudiek erakusten dute txetxeniar askok esku hartu zutela indar erakustaldian.

«Liberalek krisia, protesta eta heriotza besterik ez dute nahi», irakur zitekeen pankarta batean. «Bosgarren zutabeko parasitoak Errusiaren gorputzari ateratako tumore bat dira» edo «Kadirov, Errusiaren gotorleku» zioten beste batzuek. Kremlinen jarduera eta posizioak salatu izan dituzten eragile ugari ageri ziren mezuetan, normalean horiek iraintzeko. Alexei Navalni eta Ilia Jaxin politikari liberalei eta Viktor Xenderovitx eta Alexei Venediktov kazetariei «traidore» deitu zien Magomed Daudov Txetxeniako Parlamentuko presidenteak.

«Errusiaren aurkako isunak eta zigorrak eskatzen dituztenen aurkako manifestazioa da gaurkoa. Baita gure herrialdearen izena zikintzen duten horien kontrakoa ere», adierazi zuen Husain Soltagereiev Txetxeniako Sindikatuen Batasuneko presidenteak.

Gaueko Otsoak

Kadirovek berak ez zuen esku hartu mobilizazioan, baina Errusia osotik etorritako politikariak, elizgizonak eta kirolariak ikus ahal izan ziren Groznyn. Bertan izan zen Alexander Zaldostanov Gaueko Otsoak motozale elkarteko burua ere. Motozale gehien hartzen duen Errusiako elkarteko kideak «anai-arrebak» dira Vladimir Putin Errusiako presidentearentzat, berak esan izan duenez.

Errusia goratzeko antolatutako mobilizazioan esku hartu zutenek Errusiako Parlamentuari eskatu diote «Estatuari eraso» egiten dieten pertsonen aurkako zigorrak gogortzeko. Baita agintariak «iraintzen» dituztenen kontrakoak ere. Kadirovek berak esan izan du gaur egungo oposizioko kide askok delitu horiek askotan egiten dituztela.

Aldi berean, Errusiako abeslari, zinemagile eta aktore ezagunekin batera, zenbait politikarik bat egin dute Interneten Ramzan Kadirovekin. «Kadirovi sostengua adierazi dioten politikarien maila hain altua izateak erakusten du ez dutela esku hartzeko erabakia bere kasa hartu. Kremlini zeharka emandako babesa da, seguru asko», idatzi du Gazeta.ru hedabidean Nikolai Mironov politologoak.