tGARA
GERNIKA

Aldaketa sozialaren aldeko indarrak aktibatzeko batzarra egin dute Gernikan

Eragile sozial eta sindikalen batzarra egin zuen atzo, Gernikako Astran, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. 2014an prozesu zabal eta parte-hartzailearen bidez karta eztabaidatu, onartu eta aurkeztu ondoren, ordutik hona egindako bidearen balantzea egin zuten.

Bertan hizpide izan zituzten programa soziala eta interpelazio instituzionala eta “Baditugu alternatibak, aldaketa soziala orain” lelopean egindako mobilizazio koloretsuak. Horrekin batera, nabarmendu zuten iragan urriaren 24an Bilbon egindako Alternatiben Herria, “Bizitza burujabea eskubide osoz”, aldaketa sozialaren aldeko indar eta eragileen elkarlan erraldoiari esker egindakoa.

Izan ere, gaineratu zutenez, 167 eragileren elkarlanari esker egindako «ekimen arrakastatsua», bizitza erdigunean jarriko duen ereduaren aldeko «erakusleiho itzela» izan zen.

Bestalde, Euskal Herriko mugimendu sozial eta sindikalaren aurrera begirako erronkak zehaztu zituzten, aldaketa sozialaren bidez, «merkatuen logikaren gainetik herritarren bizitza erdigunean jarriko duen ereduaren aldeko borroka suspertu eta aktibatzeko».

Alde batetik, datozen urteotako plangintzaren ardatz nagusiak finkatzeko saiakera egin zuten Astran, «bizitza burujabea indartzea helburu» izanda. Bestetik, mugimendu ezberdinen elkarlanerako aukerak ere zehaztu ziren bertan, «mugimenduak, aldarrikapenak eta elkarlana saretzeko helburuarekin».

Metodologia horizontal eta parte-hartzailea erabili zuten batzarrean, taldekako lanak eta batzar orokorrean emandako azalpenak tartekatuz. Amaieran, ekonomia sozial eraldatzailearen inguruko “Batura” ekimena, Pentsionistak Martxan elkartearen sinadura-bilketa erraldoia eta Bilboko Jantoki Sozialaren inguruko informazioa jaso zuten bertaratutakoek.