G. M. ZUBIARRAIN
baiona

«Habemus Gaztetxe»: arrakasta erabatekoan ireki zen atzo Zizpa Baionan

Gogotik ospatu zen Aturri bazterreko Lesseps karrikan gazte «tenplu» berriaren irekiera. Arrakasta ziurtatua zegoen: une gorenetarako, bazkarirako eta kontzerturako, salgai jarri eta zortzi egunera agortu ziren sarrerak. 150 bazkaltiarrek eta 380 —aforoak hala aginduta— musikazale gautxorik harrera ezin beroagoa egin zioten astebete barru dinamika arruntari ekingo dion gune autogestionatuari. Ipar Euskal Herrian hamabigarren gaztetxea da.

11.00etan zuten zita gonbidatu goiztiarrenek. Han ziren lokala txukuntzen jo eta su ibilitakoak, gaztetxea eurena egin duten elkarteetako kideak eta Herriko Etxeko ordezkariak, Jean-Rene Etchegarai auzapeza buru zela.

Zizpa gaztetxearen ezagutza egin ondoren, irekiera ekitaldi xumea burutu zen: bi bertsok atarikoa eginik, hitza hartu zuten gazteek eta lokala utzi dien Herriko Etxeak. Ondotik, hasitako elkarlanaren ikur, txupin bana jaurti zuten.

Bazkariaren txanda etorri zen gero. Ardikiz tripa berdindu ostean, gorputzari eragin behar! Etxeko Shut Up Twist Again taldeak, Gatibuk eta Itziarren Semeek sutu zituzten bazterrak.