Lehorteak milioika lagun kaltetu ditu Afrikako hegoaldeko herrialdeetan
«El Niño» izenaz ezagutzen den fenomeno atmosferikoak Afrikako hegoaldeko herrialdeetara eraman duen lehorteak milioika lagun dauzka egoera larrian. Hamalau milioi pertsona daude gosea pasatzeko arriskuan Zambia, Malawi, Madagaskar eta Zimbabwen.

Belar ihartuak, urik gabeko putzuak, egarriz hildako abereak... Paisaiak garbi erakusten du oso lehorte larria jasaten ari dela Afrikako hegoaldea.
Edonola ere, egoerarik larriena Tanzania, Malawi, Zambia, Mozambike eta Hegoafrikako milioika lagunei datorkiena da, herrialderik kaltetuenak aipatzeko. Egutegiaren arabera, urte garai honetan euri asko egin beharko luke eremu horietan, baina hodeiek ez dute betiko bidea hartzen eta lehortea gero eta jasangaitzagoa da. Mozambikeko Moamba herrian, esaterako, behi-azienda ikaragarri kaltetu du eta dagoeneko ehunen bat abere hil ditu. Bederatzi hilabete euririk gabe daramatzate Moamban. Abereek kilometro asko egiten dituzte tripa bete nahian, baina belar ihartuak baino ez dituzte aurkitzen. «Estepan batetik bestera ibiltzen dira, jateko ezer aurkitu gabe, eta eskortara itzultzen dira. Hurrengo egunean zutitzeko gauza ere ez dira», esplikatu du Filipe Cossa abeltzainak. Bere egoeraren tankerakoa dute beste askok ere.
Nekazariak ez daude hobeto. Urtarrilean ereiten dute artoa eta arroza, bertakoek gehien kontsumitzen dituzten janariak. Baina euririk ez izateak arriskuan ipini du horien ekoizpena. «Lehorteak esan nahi du gosetea, gaixotasunak eta heriotza», idatzi dute O Pais Digital Mozambikeko hedabidean.
Munduko Elikagai Programak egin dituen kalkuluen arabera, hamalau milioi pertsona daude gosea pasatzeko arrisku larrian.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
