Roger Michellen «Birthday» filmak jaso du Urrezko FIPA
Azken egunotan Biarrizko Bellevue jauregia hartu duen FIPA jaialdiak atzo egin zuen sari banaketa. Roger Michellek zuzendutako «Birthday» filmak lortu du Urrezko FIPA 29. edizio honetan. Telesailen atalean, Sebastian Ortegaren «Historia de un clan» saritu dute.

Roger Michell zuzendari ingelesak (Hegoafrika, 1956) eskuratu du aurten FIPAren sari nagusia “Birthday” filmari esker. Louise Brealey, Anna Maxwell Martin eta Stephen Mangan dira lan honetan bidelagun izan dituen aktoreak.
Michellek ibilbide luzea jorratu du telebistan –“The Buddha of Suburbia”, “My nigth with Reg”, “Titanic Town”– baina pantaila handirako egindako bere lehen lanak eman zion ospea: “Notting Hill”. Julia Roberts eta Hugh Grant protagonista zituen komedia erromantikoak.
Handik aurrera zineman aritu da nagusiki. “The mother”, “Délire d’amour”, “Venus”, “Morning Glory” eta “Un week-end à Paris” dira bere lan ezagunenak.
Biarrizko ikus-entzunezko saioen nazioarteko jaialdiko epaimahaiak Marie Baumer aktorearen lana –“Brief an mein Leben, Alemania”– saritu du fikzioaren alorrean. Eta aktore onenaren garaikurra Nicolas Rojasi eman dio –“Zamudio, perdidos en la noche”, Txile–.
Viktor Oszkar Nagy eta Petra Szöcs ere aurtengo palmaresean ageri dira “Hivatal” (Hungaria) filmean egindako eszenografia lanagatik. Baita Alexander Balanescu eta Ariel Sommer ere, “The Scandalous Lady M” (Britainia Handia) filmerako sortutako musikari esker.
Pucciotarrak
Telesailen atalean Sebastian Ortegaren “Historia de un clan” lanak jaso du sari nagusia. Beste garaikur bat ere eskuratu du ekoizpenak Luis Ortegak eta Daniel Melingok egindako musikagatik.
Pablo Traperok “El clan” filmean egin bezala, pucciotarren benetako aurpegia erakusten du Ortegak, 80ko hamarkadan Argentinako jendartea erabat asaldatu zuen familiarena.
Steinumm Olina Porsteinsdottirrek eskuratu du emakumezko aktore onenaren garaikurra “Case” (Islandia) ekoizpenagatik. Honekin batera, Stellen Skarsgardek “River” (AEB) telesailean egindako interpretazioa saritu du epaimahaiak.
Israelgo “Fauda” telesailak eskuratu du eszenografia onenaren garaikurra. Dokumentalei dagokienez Remy Ourdan eta Patrick Chauvelen “Le Siége”-k jaso du Urrezko FIPA.
Ikerkuntza lanak ere ikusten dira Biarrizko ikus-entzunezkoen jaialdian eta epaimahaiak Jean-Claude Poirsonek zuzendutako “La Bataille de Florange” aukeratu du.
Musika eta ikuskizun alorrean Petr Vaclaven “Zpovesd’ Zapomenutého” saritu du.
Epaimahaiak ez ezik, ikusleek ere ematen dute iritzia. Cédric Condon eta Jean-Yves Le Naourren “Corée, nos soldats oubliés” lanak saritu du publikoak.
Michel Mitrani saria Sebastien Simon eta Forest Ian Etslerren “Vue de L’Esprit” lanarentzat izan da.
Azkenik, Europako Gazteen Epaimahaiaren saria Joey Boinken “Burden of Peace” ekoizpenak jaso du.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
