GARA
ALTSASU

EHEren aktibismo tailerrak, menpeko egoera euskaraz biziz iraultzeko

Abenduan aurkeztu zuen “Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz” hausnarketa prozesuari segida emanez, hizkuntza aktibismorako tailerrak antolatu ditu EHEk. «Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera» pasatzea da xedea, «menpeko egoera euskaraz biziz iraultzea». Tresna berri bat da, berreuskalduntze bidean egon daitekeen proiektu oro eraginkorrago izaten laguntzeko.

Euskaraz bizi eta ahalegina egiten duten herritarrei menpeko hizkuntza praktikak gainditzeko baliabide pertsonalak emanen dizkiete. Halaber, baliabideok kolektiboki garatzeko dinamikak jarriko dituzte eskura. Gemma Sangines TELP (Taller d´Espai Lingüístic Personal) ikastaroen sortzaileak gidatuko ditu bidea irekiko duten lau saioak: Altsasun (ostiral eta larunbat honetan), Iruñean eta Arrasaten (otsailean) eta Durangon (martxoan). Herritar oro parte hartzera gonbidatu dute.