Ariane KAMIO
DONOSTIA

Euskal ohiturak eta kultura beste dimentsio batera daramatza «Oskara»-k

La Veronal taldeko koreografo Marcos Moraurekin batera abiatu du Kukai dantza taldeak «Oskara» proiektu berria. Euskal kulturaren eta tradizioaren erraietaraino doan obra da Jon Maiak zuzendu eta Morauk berak diseinatu duena, nahiz eta lanak iraganean errotutako ohiturak dimentsio desberdin batean jartzen dituen. Erramun Martikorenaren ahotsa izango dute lagun, baina berea ez da ekarpen puntuala izango; ikuskizuneko seigarren pieza da bera.

Gutxi gorabehera bi urte atzera egin beharko litzateke Jon Maiak, Kukai dantza taldeko dantzari eta koreografoak, eta Marcos Morauk, La Veronaleko arduradunak, lehenengo elkarrizketak izan zituztenetik. Orduz geroztik ikerketa eta arakatze ugari egin dituzte, bilera, plangintza, entsegu eta enparauak. “Oskara” da elkarlanaren azken emaitza eta larunbatean (20.00) eta igandean (19.30) Donostiako Victoria Eugenia antzokian estreinatuko da.

2008az geroztik nazioarteko koreografoekin elkarlanean eginiko proiektuak abiarazten ditu konpainia errenteriarrak eta “Oskara” ere joera horren baitan kokatzen da. Europan pil-pilean dagoen koreografo garaikide ezagunenetakoa da Marcos Morau eta munduko toki edo kultura jakin batean oinarritzen diren piezekin sail moduko bat osatu du berriki. Horixe izan zen, hain zuzen, Maiari erakargarri egin zitzaion elementua; bere pieza bat Euskal Herriaren gainean egitea. «Kukairentzat ez dakit inflexio puntu bat den, baina, zalantzarik gabe, oso momentu garrantzitsua da», esan zuen atzo Maiak berak Marcos Moraurekin batera Victoria Eugenian egindako aurkezpenean.

Laburki, Kukaiko bost dantzarik egin zuten erakustaldian Euskal Herria eta bere kultura iradokitzen duten zantzuak badaude ikuskizunean, bai dantzarien mugimenduan, baita jantzietan eta musikan ere. Hain zuzen, musikagintzaren alorrean Erramun Martikorenaren laguntza izango du proiektu honek. Berea ez da, ordea, ekarpen puntual bat izango; Baigorriko kantaria seigarren parte hartzailea izango da eta bere papera bete beharko du, ikuskizunean erabat txertatuta.

Marcus Morauk munduko hainbat leku oinarri edo inspirazio bide izan ditu aurrez egindako zenbait lanetan, baina ez du sekula toki jakin baten gainean ezer eraiki. «Ez dut errealitateaz hitz egiten, transzendentzia atsegin dut. Kulturaren inguruan sortzen den misterioa da interesatzen zaidana, zerk sortzen gaituen komunitate eta zergatik irauten duen denboran», adierazi zuen.

Bi unibertso

“Oskara” proiektuak bi unibertso koreografiko desberdin batze ditu. Euskal Herriko kultura tradizionalean du oinarria eta sormenerako abiapuntua eta, era berean, gaur egungo abangoardiako artisten ikuspegitik sortutako artelana da.

“Oskara” instalazio moduko lan bat da, zeina euskal kulturaren eta mitoen hainbat ataletatik igarotzen den, bere jatorritik aro garaikidera, eta indar bikoitz eta harriduraz beteriko sinbolo eta ikonografien ibilbide plastiko zein emozionala marrazten duen.

«Dantza garaikideak hainbat gauza birplanteatzera era maten gaitu, ondarean jaso ditugun formak eta hauek ze harrem an duten egungo momentuarekin», esan zuen Morauk. «Ikertu desikertzeko», horixe da koreografoak “Oskara” proiektuarekin egin duena. «Kultura erantzunak ematen saiatzen da beti eta, orain dakidana ikusirik, badakit oso gutxi nekiela lehen», gaineratu zuen Euskal Herriko ohitura eta kulturaren gainean egin dituen ikerketa lanei erreferentzia eginez.

“Oskara” Donostia 2016ren baitan sartzen den egitasmoetako bat da, Mugalariak programaren baitan sortutako ekoizpena eta Victoria Eugeniaren eta Hego Akitaniako Eszena Nazionalaren laguntza izan du. Ikuskizunaz gainera, alor pedagogikoa ere bultzatzen du. Ildo horretan, hurrengo astelehen eta asteartean hainbat ikaslek obra zuzenean ikusteko aukera izango dute Eskolatik Antzokira egitasmoaren baitan eta artearen munduarekin harremanak abiatzeko aukera izango dute.

Asteburu honetan izango da estreinaldia Donostian, baina hortik aurrera hainbat hitzordu finkatuak dituzte dagoeneko; otsail, martxo eta apirilerako emanaldiak itxita dituzte. Gipuzkoako hiriburutik Bilbora joango da (otsailak 3) eta handik Errenteriara (otsailak 21), Hondarribira (otsailak 27), Baionara (martxoak 1), Donostiako Dferiara (martxoak 8), Valladolidera (martxoak 19), Gasteizera (apirilak 15), Iruñera (apirilak 30), Elorriora (maiatzak 27) eta Maastrichtera (maiatzak 28). Udazkenean Zornotzan, Durangon, Basaurin eta Barakaldon aurkeztuko da lana.