GARA
DONOSTIA

Haur onkologiari buruz ikertzeko 3.000 euroko beka sortu dute

Euskal Herriko Pediatria Elkargoak, Juneren Hegoak elkartearekin batera, 3.000 euroko “June Sanchez Tolaretxipi” beka jarri dute abian. Deialdi honen xedea haur onkologiaren inguruko ikerketarako diru laguntza eskaintzea da, diziplina horren edozein alorrerako, eta gaixo talde horren diagnosia, jarraipena eta tratamendua hobetzen lagunduko duen edozein proiekturako.

Proiektuak hilaren 30era arte bidali ahal izango dira, eta hautatua izateko aintzat hartuko dira eritasunaren jatorria, faktore iragarleak eta tratamenduak ikertuko dituzten proiektuak, eta baita teknika diagnostikoen edo terapeutikoen ikaskuntzara bideratutako proiektuak ere, baldin gaixo onkologikoen bizi-kalitatea hobetzera zuzenduta badaude, sustatzaileek azaldu dutenez.

Beka honekin, Juneren Hegoak elkarteak minbiziaz jota dauden haurrei eta beren familiei laguntza eskaini nahi die, euren bizitza hobetzeko. Elkartea jaio zenetik, 2013ko udaran, bere presentzia indartzen joan da Donostialdean, bai kultur jarduerak antolatuz, baita beste ekimenetan parte hartuz ere, eta batez ere hamar familia ingururi laguntza emanez.

Beka hau aurrera eraman nahi du elkarteak bi arrazoirengatik: bata, Juneren oroitza eta omenaldi gisa –bekari izena jarri dion haurra neuroblastoma baten ondorioz zendu zen–, eta bestea, gizarteari laguntzeko asmoarekin.

Bekaren inguruko informazioa eta oinarriak elkartearen gunean bertan topatu daitezke: Junerenhegoak.org.

Juneren Hegoak elkarteari laguntzeko elkartasun taldean parte har daiteke edota ekarpen puntualak egin, bertatik gogorarazi dutenez.