AEK Jendea, euskara ikasleei aurpegia jartzeko kanpaina aurkeztu dute
Urtero ikasle bat izango da kanpainaren protagonista. Hala, euskaltegietako ikasleei aurpegia jarriko diete, gogoeta kualitatibo bat eginez. Aurten Juanma Iturriondo lasartearra da AEKren ordezkaria.

Juanma Iturriondo duela 27 urte hasi zen euskara ikasten. AEK-ko euskaltegietara jo zuen bere helburuekin bat egiten zuelako, eta bi urteren ostean polito moldatzen zen. Orain euskaraz bizi da Usurbilen.
Iturriondo Lasarten jaio zen, eta eskola publikoetan ibili zen; izan ere, ikastola eraikitzen ari ziren bera txikia zenean, eta gero, garestia zen bere gurasoentzat eta ezin izan zuten bertara bidali. «Ama goierritarra da baina ez da euskalduna. Aitak badaki euskaraz, baina amarekin igarotzen genuen denbora gehien eta ez genuen euskaraz ikasi», azaldu zuen atzo Lasarte-Orian AEK-k antolatutako prentsaurrekoan.
Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaileak aipatu zuenez, «milaka lagunek ikasi dute euskara euskaltegietan eta orain euskaraz bizi dira». Are gehiago, ikerketa baten arabera, azken hamarkadetan 300.000 hiztun berri baino gehiago ditu euskarak, eta horien artean, hirutik batek euskaltegietan ikasi du.
«Kopuru horiei indarra kendu gabe, begirada kualitatibo bat eman nahi diogu honi guztiari, ikasketa prozesua erakutsi nahi dugu», azaldu zuen Mugikak. Horregatik aurkeztu dute AEK Jendea kanpaina: urtero, ikasleen eredu eta ordezkari izango den pertsona bat aurkeztuko dute. AEK-ko koordinatzailearen esanetan, hainbeste ikasle pasatu dira AEKtik, ezen badute non hautatu. 2016ko ordezkaria Juanma Iturriondo da.
«Garrantzitsua da zenbakiak alde batera utzita aurpegiak jartzea. Niretzat plazer bat izan da Juanma ezagutzea. Duela hogei urte baino gehiago euskaraz ikasi zuen, eta hortik aurrera, euskaldun bezala bizitzeko aukera ere izan du, eta jorratu du. Erabiliz, bere maila hobetzen joan da, eta Lasarte-Orian nahiz Usurbilen euskaldun bezala bizi da, behin hautua hartua, eta bere burua euskaltegian euskaldundu ondoren. Zorionak Juanma!», esan zuen pozik alboan zuen Iturriondori begira.
«Ikasi eta erabili»
«Nik AEKrekin ikasi nuen euskara eta berari zor diot hemen egotea. Eskerrak ematen dizkiot irakatsi zidalako eta behar nauten guztietan prest egongo naiz laguntzeko. Euskal Herrian nik baino hobeto hitz egiten eta idazten duenik egon arren, oso harro nago», kontatu du ikasle ohiak, esker ona agertuz prentsaurreko horretara gonbidatu zutelako.
Harentzat euskara etxetik kanpo ikastea zen aukera bakarra eta AEK aukeratu zuen horretarako, honen helburuekin bat egiten zuelako: «ikastea eta erabiltzea». Horrela hobetu du bere euskara lasartearrak; ekinez. «Ondo edo gaizki hitz egin, berdin da. Hitz eginez gehiago ikasten da. Ez zitzaidan batere kostatu. Askotan zerbait esaten nuen eta gaizki zegoela konturatzen nintzen eta saiatzen nintzen hurrengoan ondo esaten», kontatu zuen euskara ikasleen ordezkariak.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
