Jon LEUNDA
errugbia

Puntuen premian jokatuko da Agilerako derbia

Garrantzi handiko derbia jokatuko da gaur Agilera estadioan, 20.45ean hasita, Biarritzen eta Avironen artean. Lapurtarren arteko neurketak bereziak dira ohorea ere jokoan izaten delako, baina hori baino gehiago izango da gaurkoa, bi taldeak premia handia dutela heltzen baitira gaur iluntzeko norgehiagoka horretara.

Joan den astean Biarritzek galdu egin zuen, eta Avironek berriz, irabazi. Bien egoera oso ezberdina da. Etxekoek garaipena behar dute mailari eusteko borrokan aurrerapauso bat emateko. Baionakoek, berriz, bigarren postua eskuratu nahi dute berriro ere, eta lider dagoen Lyonen hutsegiteren baten zain jarraitu, denboraldi amaieran Top 14ra zuzenean igotzeko, kanporaketarik jokatu gabe.

Gaur gertatzen dena gertatzen dela, ez da bien gustukoa izango. Biarritzek irabaziko balu, bere bidean urrats handia egingo luke. Galduta, atzerapausoa izango litzateke. Ez da sartuko jaitsiera postuetan, baina gertuago izan ditzake. Avironek, irabazita, bigarren postua eskura izango luke; galduta berriz, hirugarren postuari eutsi egingo lioke, baina lehen postua gero eta urrutiago izango luke.

Girorik ere ez da faltako, Agilera bete egingo baita. Eguna eta ordua ez dira egokienak, baina derbiak bereziak izaten dira eta inork ez ditu horiek galdu nahi izaten.