G. M. ZUBIARRAIN
baiona

Altzairutegi osoa izango du Baionako portuak, Celsaren asmoak baietza jaso ostean

Aurkarien kexak aintzat hartu ez eta Bokaleko enpresan bi ijezkailu eraikitzeko 50 milioi euro inbertitzeko eta 200 lanpostu sortzeko multinazional katalanaren proiektuak prefeten oniritzia jaso du.

Pirinio Atlantikoetako eta Landetako prefetek argi berdea eman zioten astelehenean Celsa taldearen Bokaleko lantegia, Acerie de l'Atlantic, 30.000 m2-an handitu eta bi ijezkailu eraikitzeko egitasmoari. Zabalpen lanei, hortaz, aurreikusi bezala, apirilean ekiteko eran izango da multinazional katalana.

2017 hondarrerako ijezkailuetan lehena, burdin haria ekoitziko duena, bukatua izatea du xede enpresak; armadura-barrak egingo dituen bigarrena, aldiz, ondoko urtearen amaierarako, 2018 hondarrerako, lanean izatea nahi du. Orotara 50 milioi euroko inbertsioa da, enpresa iturrien arabera 200 lanpostu zuzen sortuko dituena eta zeharka, berriz, 1.700 bat.

Prefetek baimena sinatu zuten egun berean, ordura arteko isiltasuna eten eta inbertsioari babesa agertu dio Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak (MIG). Andre Garretak zuzentzen duen erakundeak argitu du «industria eta logistika proiektuak 2013 hondarrean bozkatu zen Baionako Portuaren Eskeman jasotako ardatzetarik bat» direla eta portuaren inguruko herri guztiek «aho batez onartu» zutela berau. «Aho batez» hori azpimarraturik dago agirian, Celsaren inbertsioarekin kritiko agertu diren hautetsiei zeharka kargu hartuz horrela. Gogoan izan behar da abenduan ireki zen kontsulta fasean Angeluko Udalbatzak gehiengo zabalez egitasmoaren aurkako iritzia agertu zuela eta Bokalekoak, aldiz, baiezko baldintzatua eman ziola.

Industria ezinbestekoa

MIGek «ezinbesteko» irizten dio itsas garraioa eragingo duten enpresa-egitasmoak Baionako portura erakartzeari. Gogoratu du 2007 eta 2009. urteen artean, portuko enpresarik esanguratsuenak ziren Raffineries du Midi eta Celanese itxi zirenean, garraio bolumenak milioi bat tonako galera jasan zuela eta horrek premia gorria ekarri duela.

MIGek argi du Celsaren inbertsioaren neurrikoak «gutxi izaten» direla eta hargatik «benetako aukera» dela, batetik, gaur egun portuaren garraioan %40ko ekarria duen enpresaren geroa sendotzea dakarrelako, eta bestetik, lanpostuak sortzeaz gain trafiko hori «nabarmen haztea» eragingo duelako. Zenbakitan ere jarri du: %53 haziko da itsas-garraioa inbertsioari esker, gaur egungo 750.000 tonatik 1.150.000 tonara pasatuko baita. Tren bidezko garraioari, bestalde, 300.000 tonako ekarria egingo diola dio.

Ingurumen ikuspegitik kezka agertu dutenei Ganberak ohartarazi die Celsa Bokalen egitera doana «altzairua sortzeko erarik garbiena» dela, birziklatutako txatarra erabiliz ekoizten delako. Gainera, ijezkailuak eraikitakoan Bokaleko lantegian bertan burutuko denez prozesu osoa, horrek berak «ingurumen onurak ekarriko» dituela nabarmendu du MIGek, lantegi arteko garraioa murriztuko delako eta mea bi aldiz berotu beharrik izango ez delako.