GARA
IDIAZABAL

Ganaduzale eta baserritarrei eskerrak emanez hasi dira Idiazabalgo jaiak

Idiazabalgo paisaian, ingurugiroan eta elikaduran duen garrantziagatik, aurten Ganaduzale Elkarteak izan du San Blas jaiei hasiera emateko ohorea. Herriko abeltzainei eta, oro har, baserritarrei «egin duten lana, egiten ari direna eta egingo dutena» eskertu nahi izan diete.

Axariaren jaitsierarekin batera lehertu ohi da festa Idiazabalen. Atzo ere hala gertatu zen, Ganaduzale Elkartea pregoilari zela. Goierriko herri honek 30 kilometro karratuko azalera du gutxi gorabehera eta zati handiena landa eremua da. «Abeltzaintzak egiten du posible gure inguruan ditugun zelai ederrak izatea, belardi dotoreak eta paisaia ikusgarriak, baita gure sukaldeetara ekartzen ditugun jaki goxo eta osasungarriak izatea ere», baloratu zuen Ioritz Imaz alkateak bere agurrean. Horregatik, abeltzainei eta baserritarrei eskaini zieten San Blas jaien hasiera.

Lehenbiziko eguna mozorroena izan zen. Hala, soinean denetariko jantzi xelebreak zituztela bildu ziren afaritara plazako karpan. Parranda aldarrikapenarekin uztartuz, presoen eskubideak babesteko elkarretaratzea ere egin zuten Sortuk deituta.

Asteburu bete-betea

Jaiak ez du etenik izango asteburu osoan. Gaur herri mailako plater tiraketa txapelketarekin hasiko da eguna, Otsoa elkarteak antolatuta. Ondotik, Eltziegoko dultzaineroen diana eta bertako produktuak dastatzeko aukera izango da. Bertako herritarrak izango dira Idiazabalen otordu goxoa prestatzen. Beren dantzak ere erakutsiko dituzte.

Herri bazkariaren ondotik, jende puska biltzen duen ekintza izango da: Gaztetxeak antolatutako hamaseigarren Goitibehera Txapelketa. Arratsaldeko pilota partida profesionalak eta iluntzeko txistularien alardea ere arrakastatsuak izaten dira. Eguna biribiltzeko, herri afaria frontoian eta musika plazan.

Txirrindularitza solidarioa

Bihar herri krosa egingo dute, tradizio handikoa; 36. edizioa izango du. Gero atsedena etorriko da, baina labur samarra, asteartean Kandelario Eguna baita. Kandelak bedeinkatu eta kanpaiak joko dituzte.

Asteazkenean da San Blas eguna. Hemen ere kirolerako tartea izango dute: hogeita zortzigarren txirrindulari lasterketa, bai haurrena eta bai helduena. Indarrak berritzeko paella solidarioa jango dute, Afrikako Txirrindularitza Proiektu Solidarioa GKEak antolatuta. Elkartea iaz jaio zen. Etiopiako Txirrindulari Akademiarekin lotuta hainbat erronka ditu eta paella bazkarian jasotako diru guztia horiek betetzera bideratuko du Udalak.

Jaiei agur esan aurretik ezin da falta San Blas Txiki eguna. Nahiko festa eginda igoko da axaria, seguru.