GARA
usurbil

Kazetaritzak aspaldi utzi zion bere izena lumaz idazteari

Euskarazko kazetaritza proiekturik esanguratsuenak saritu zituen atzo «Argia» astekariak Usurbilgo Atxega jauregian egindako ekitaldian. Hiru Damatxo ikus-entzunezko egitasmoa hauspotu zuen eta Gora Gasteiz! plataforma herrikoiari jarri zion azpimarra, xenofobiaren aurka egindako lanagatik. Besteren artean, «Berria» egunkariko Joxerra Senar kazetaria, Azpitituluak.com wegbunea, «Loreak» filma eta «Goiz Berri» irratsaioa ere saritu zituen.

«Jauzia emateko beharra sentitzen dugu. Irautea ez zaigu aski, bizi egin nahi dugu», adierazi zuen atzo Atxega jauregian “Argia”-ko zuzendari Estitxu Eizagirrek sari banaketaren sarrera hitzaldian. Euskarazko komunikabideei buruz ari zen, horien bizitzeko eta aurrera egiteko nahiaz, baina baita asko eta asko igarotzen ari diren zailtasun ekonomikoez ere.

Astekariak, urtero bezala, bere sariak banatu zituen atzo eta euskarazko kazetaritzako hainbat alor saritu zituen. Proiektu berri eta ausartei jarri zien azpimarra. Hiru Damatxo talde gazteak iaz aurrera eramandako “Gure Bazka” saioa izan daiteke horietako bat. Euskal kulturaren alor desberdinetako partaideekin elkarrizketak egin dituzte mahai baten bueltan. Eta proiektu horrek oso harrera ona izan zuen. «Badirudi zerbaitetan asmatu dugula eta badagoela benetan beharra ikus-entzunezko kritiko, mamitsu eta eztabaida piztuko dutenak ikustekoa eta badagoela publiko bat horrelako edukiak nahi dituena», esan zuen Lander Arretxeak sari jasotzean.

Sustapen arloko saria Gora Gasteiz! plataformak jaso zuen, Arabako hiriburuan xenofobiaren aurka eta berdintasunaren alde egindako lanagatik. Iban Zalduak hartu zuen hitza taldearen izenean: «Gora Gasteiz!-ek erakutsi nahi izan zuen Gasteizko gizarteak baduela beste izpiritu bat, bidegurutzearena, kolore guztiak babesteko bokazioa duena, guztiontzat gizarte justuago bat aldarrikatu nahi duena».

Papereko argitalpenei dagokienez, “Berria”-ko Joxerra Senar kazetariak jaso zuen saria “CAN. Eta hemen ez da ezer gertatu” liburuagatik. CAN auziaren bueltan sortutako lana da kazetariak egindakoa: «Gure eguneroko lanean gertaerak azaltzen ditugu baina ez dugu sakontzen. Gertaera garrantzitsuetan ‘zer gertatu da?’ galdera egitea inportantea da».

Interneten arloan Azpitituluak.com webgunea saritu du Argiak eta irratigintzari dagokion saria Euskal Irratietako “Goiz Berri” saioak jaso zuen. Merezimenduzkoa “Loreak” lanarentzat izan zen, azken hilabeteetako lorpenengatik.