GARA
BARAKALDO

Sektorearen fakturazioa igo, eta indartuta dator makina-erremintaren biurteko azoka

Lau hilabete barru izango da BECen Makina-erremintaren Biurteko Azoka, eta dagoeneko 1.183 markak baieztatu dute bertaratuko direla. Sektoreak emaitza onak espero ditu, iaz fakturazioa handitu ostean.

Makina-erremintaren sektoreak susperraldia bizi du, azken urteetako beheranzko joera gainditzen hasita. BIEMH’16, makina-erremintaren biurteko azoka, aurkeztu zuten joan den ostegunean Barakaldon, eta Euskal Herrian pisuzkoa den sektore honen aurreikuspenak positiboak direla baieztatu zuten Xabier Ortueta AFM makina-erreminta ekoizleen elkarteko zuzendari nagusiak, Jorge Garcia AIMHE makina-erremintaren inportatzaileen elkarteko presidenteak, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak eta Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiak.

Maiatzaren 30etik ekainaren 4ra hartuko du BECek azoka eta dagoeneko 1.183 enpresak eman dute izena, joan den urtean baino batek gehiagok. Guztira, bost pabiloi hartuko ditu antolatzaileek 2008az geroztik «ediziorik onena» izatea espero duten azokak.

Basañezek adierazi zuenez, orain arteko datuekin eta maiatzera bitartean egindako aurreikuspenen arabera, 2014ko azokarekin alderatuz okupazioa %20 handitzea espero dute. Horrek eragingo luke bosgarren pabiloi bat irekitzea.

Hazkundea batik bat erremintaren sektorean (%26), deformazio makinerian (%15), robotika eta manipulazioan (%10) eta produktuaren garapen eta fabrikaziorako software arloan (%6) gertatzen ari dela zehaztu zuen.

Parte hartzeari dagokionez, euskal enpresak izango dira nagusi, baita krisialdi baten ondoren azokara itzuliko direnak ere; orain arte izena emandakoen %20 inguru dira horiek. Nazioarteko erakusketariak, berriz, 20 herrialdetakoak izango dira, horien artean, Alemania, Italia, Britainia Handi, Estatu frantses, Japonia eta AEBetakoak.

Aste honetan bertan eman ditu AFMk makina-erremintaren sektorearen gaineko datuak. Horiek adierazten dutenez, 2015ean %3,4 hobetu zuen fakturazioa, 1.414 milioiraino, gehienbat barne merkatuari esker. Azpisektoreei dagokienez, arrankea (%4,6), beste makinak (%9,5), erremintak (%6,7), osagarriak (%5,6) eta mekanizatuak (%6,3) hazi ziren; eta hornidurak, berriz, jaitsi (-7,9). 2016an goranzko joera horri eustea espero du sektoreak.