Denboraren ispilua
Kukai konpainia erreferentea da gurean dantza tradizionala eta dantza garaikidea esaten diegun horiek nahasten (egia esan, egungo dantza guztiak nahitaez dira garaikide eta tradiziozkoak). Muntaia zirraragarri honetan, Marcos Morau eta Pablo Gisbert sortzaile bikainen laguntza izan dute eta badirudi pauso handi bat eman dutela beren proposamen estetikoan.
Dramaturgia hunkigarriak bidaia garratz baterako gonbita egiten digu, nortasunaren zirrikituetan zehar galtzeko. Indar izugarrizko irudietan txertaturik, dantzarien gorputzak korapilatu egiten dira soinu espazio liluragarria habitatzeko. Koreografia tradizionalen parametroak deseraikitzen dituzte identitate indibidual eta kolektiboan sakonduz. Euskal dantzak bere jatorriari begiratzen dio eta bertan inauterietako ikurrak topatzen ditu: Ziripot eta joarea agertzen dira, orain subkontzientearen totem, orain dantzarien alter ego. Tarteka, Erramun Martikorenaren ahots pausatuak beste garai batera garamatza (baina obrak sortzen duen denborarik gabeko linboan kokaturik, ez dakigu garai hori iragana ala etorkizuna ote den).
“Oskara”-k modernitatearen sailkapen artistikoa gainditzen du; “dantza”, “teatroa” edo “kantua” etiketak lausotzen diren leku emankorra naturaltasunez konkistatzeko. Ez dadila inor erra, ordea: diziplina horiek (baita bertsolaritza ere) uztartzea ez da egungo berrikuntza bat. Antton Lukuk esana duen legez, uztartze hori euskal tradizio eszenikoaren (alegia, euskal inauteriaren) berezko ezaugarria izan da mendeetan. Dantza tradizioan egiten duen esperimentazioarekin, etorkizuneko dantzaren bideak zirriborratzen ditu Kukaik. Finean, iraganaren ispiluari begiratuta, ez da orainaren isla ikusten, geroarena baizik.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
