Asier AIESTARAN
PILOTA

Irujok igandean erabakiko du Tolosan jokatu ala ez

Juan Martinez de Irujok igandera arte itxarongo du datorren asteartean Tolosan jokatu ala ez erabakitzeko. Iberoko aurrelaria ez zen azaldu atzo Beotibarren egindako material aukeraketara –medikuarekin hitzordua omen zuen– eta Asperen webgunean jasotako adierazpenetan ez zuen argibide handirik eman nahi izan.

«Oraintxe bertan ez naiz ez baikor ez ezkor. Egunak igaro ahala odolbildua desagertu egin da, baina piloteatzen saiatu naizenetan, oso lasai izan arren, oraindik mina sentitu dut», azaldu zuen aurrelari nafarrak, muga bezala igandea aipatuz. «Igandean erabakiko dut: minez jarraitzen badut, ez dut jokatuko eta hobeto sentitzen banaiz, proba serio bat egingo dut».

Ez jokatzea erabakiko balu, Xala izango da bere ordezkoa, aurreko larunbatean bezalaxe. Ez dira egun errazak izan lekuindarrarentzat, modu nahiko desatseginean zabaldu baitu Aspek ez duela aurrelariaren kontratua berrituko. Hala ere, pilotariak tokatuz gero gogoz jokatuko duela aurreratu zuen. Norekin jokatuko duen jakin gabe, Rezustak bakarka aukeratu zituen atzo bere pilotak (104,9-105,4-105,8 gramo) Ezkurdia eta Barriolaren aurkako neurketarako (104,3-104,4-104,8).

Hain urrun, hain gertu

Aukeraketa bikoitza izan zen atzokoa Beotibarren, astelehenean elkarren aurka jokatuko duten Olaizola II.a-Urrutikoetxea eta Altuna III.a-Merino II.a bikoteek ere hautatu zituztelako pilotak. Asegarcekoek 104,3 gramoko bi pilota eta 106,2ko beste bat hartu zituzten; Aspekoek, aldiz, 105,1, 105,6 eta 105,9 gramoko beste hiru.

Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea sailkapenaren goialdean daude oraindik, sei garaipenekin, baina ahalik eta azkarren iritsi nahi dute zortzi puntuko langa horretara. Jokin Altunak eta David Merinok, aldiz, neurketa bakoitza azkena balitz bezala jokatu beharra daukate, aurreko asteburuan Artola-Albisuri 22-7 irabazi arren laugarren postua bi puntura dutelako oraindik.

«Gure jokoa eginez segitu behar dugu. Faboritoak beraiek dira, baina gure onena emanez gero aukerak izango ditugu», aipatu zuen atzo Amezketako aurrelariak. «Ezin da urte osoan topera aritu. Banekien bolada txar bat zela eta orain ahaztu eta hobetzen segitu nahi dut».