Aranzamendi eta Bellonen kasuak berriro jazo litezkeela salatu dute
Ehunka lagun bildu ziren ostiralean Elorrion Joxe Mari Aranzamendi eta Arkaitz Bellon, kartzelan hildako presoak, gogoratzeko. Eta Gorka Fraileren egoeraz ere ohartarazi zuten.

2014ko otsailaren 5an, askatasuna berreskuratzeko hiru hilabete eskas besterik geratzen ez zitzaizkionean, Arkaitz Bellon Puertoko ziega batean hilda agertu zen. Ostiralean haren auzokide, senide eta lagunak Elorrioko erdigunean bildu ziren Pantxi gogoratzeko. Eta Joxe Mari Aranzamendi Katxue ere gogora ekarri zuten, euskal presoak Alcala Mecoko ziega batean azken arnasa eman zuenetik hemeretzi urtera. «Bi bizitza, bi heriotza, bi belaunaldi, hainbat espetxe... Nazkatuta gaude! Hau gehiegi da! Izan ere, hil zituen espetxe politika egun oraindik indarrena dirauen berbera da, hiltzailea eta kriminala. Arkaitz eta Katxue heriotzara eraman zituzten berbera», deitoratu zuten, eta halako kasuak errepikatu ahal direla ohartarazi zuten.
«Berriro gertatu daiteke! Eta horrek, oroitzera ez ezik espetxe politika honek erail egiten duela etengabe salatzera behartzen gaitu. Katxue eta Pantxiri gertatutakoa berriro ere gertatu ez dadin. Atzo bertan, Durangoko Gorka Fraile preso politikoaren aldeko herri plataformak salatzen zuen bezala, Gorkaren egoera oso larria da. Tumore kantzerigeno bat umiliazio eta mehatxuzko tratua jasotzen zuen bitartean kendu zioten iazko ekainean, eta oraindik ez diote ordenagailu bidezko tomografia axialik egin. Hau da, oraindik ez daki minbizia berarekin duen, hedatu zaion, ez daukan… ezer ez. Onartezina!», salatu zuten. Eta datorren otsailaren 20an, Abian prozesuaren baitan, Durangaldeko auzokideak Badajozera joango direla iragarri zuten, Fraile preso daukaten espetxetara hain zuzen. «Espetxe politika kriminala, krudela, basatia, gogorra, amaitu beharrekoa! Guztiak etxean behar ditugulako», esan zuten.
Ostiraleko elkarretaratzeak
Astero bezala, ostiralean euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko ekimenak antolatu ziren Euskal Herriko hainbat txokotan. Elkarretaratzeak izan ziren Mutriku (50), Oñati (62), Lekeitio (115), Zarautz (140), Deba (45), Getaria (41), Andoain (52), Gasteiz (410), Iruñea (243), Lazkao (75), Elgoibar (45), Agurain (54), Zizur (26), Donostia (131), Barañain (30), Bergara (56), Ondarroa (186), Lizarra (55), Mundaka (19), Amurrio (45), Arbizu (42), Galdakao (103), Hernani (190), Bera (12), Gatika (9), Lezama (65), Lezo (34), Berriozar (30), Algorta (64), Orereta (173), Etxarri Aranatz (45) eta Hondarribian (42).

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»
