2016/02/07

THIERRY BISCARY
KALAKAN TALDEKO KIDEA

Thierry Biscary Kalakan taldearen sorreran izan zen Paxkal Indorekin batera, eta gaur egun hirukotea osatzen du Xan Errotabehere eta Jamixel Bereaurekin. Kolaborazioak dira taldeko ezaugarrietako bat, eta, hala, Madonnarekin egindako «MDNA Tour 2012» birarekin egin ziren ezagun bai Euskal Herrian bertan bai nazioartean. Geroztik Espainiako Orkestra Nazionalarekin, Oreka TX taldearekin... aritu dira.

«Ezohiko ibilbidea egin dugu: denbora oso gutxian gauza asko gertatu dira»
Idoia ERASO|URRUÑA
0207_kul_kalakan

Ohiturari segituz kontzertuz kontzertu eta proiektuz proiektu dabiltza Kalakan taldekoak. Horren aztarna uzteko hirugarren diskoa, eta beraien ibilbidea agerrarazten duen kontzertuaren DVDa argitaratu dituzte.

«B aldeak» diskoa argitaratu berri duzue. Nola heldu zarete proiektua garatzera?

Lehenik “Elementuak” atera genuen. Deliberatu genuen disko horren “B alde bat” ateratzea Durangorako, gehigarri bat bezala. Gure ahots hutsezko edo a capella aldea da. Maiz jendeak uste du perkusionistak eta kantariak garela; gu kontziente gara lehenik kantariak garela, eta hori nahi genuen eman agerian.

Ariketa bat bada, Zuberoako basa ahaideak egin ditugu, bakoitzak berea. Kantu molde bat da, artzainek erabiltzen zutena mendira joaten zirelarik. Erraten zen etxalde bakoitzak bazuela bere basa ahaidea. Orduan erran genuen guk ere hari beretik bakoitzak egitea bere ariketa. Batek egin du “Miru gorria”, bertzeak “Belatz handi” eta azkenak “Belatz gorri”. Horiek dira ahots hutsez.

Gero beste bi kanta badira, bata elizakoa Ama Birjinari emana eta beste bat aipatzen dituena oro har heriotza eta bizia. Gai sakonak dira. Ezohikoa da elizako kantuak ematea, baina ohartu ginen hortik ere bagentozela. Uste dut disko honekin bukatzen dela “Elementuak” lana.

Zer-nolako harrera izan du?

Nahiko ona. Diskoak guk saltzen ditugu bakarrik kontzertuak bukatzean. Ez dugu dendetan saltzen. Uste dut jendeak hartzen duela gurekin pasatutako momentu horren oroitzapen gisa.

«Elementuak» ere kontzertuak eta gero saltzen da soilik?

Bai, hori da funtsezko hautu bat egin genuena. Ohartu ginen ere zentzuzkoa zela, jendearekin mintzatzen ahal zara, eta esplikatzen ahal diozu. Beste harreman bat sortzen da. Diskoaren krisia dela aipatzen da. Guri ohiko hedapen horrek ez zigun gauza handirik ekartzen, diru zama bat ekartzen zigun bakarrik. Hor autoekoizpen bat da, harreman bat sortzen da, guri emana zaigun dirua badakigu zertan baliatuko dugun… Beste ekonomia bat sortzen da.

«Kalakan» lehen diskoaren eta «Elementuak» lanaren artean bide bera segitu duzue, ezta?

Bai, “Kalakan” izeneko diskoa 2010ean kaleratu genuen, eta 2011 pasatu genuen kontzertuak emanez. Xan Errotabehere sartu zen Paxkal Indoren ordez, eta, 2012an, bat-batean joan ginen Madonnarekin. Orduan izan zen horrelako uholde handi bat, izigarrikoa.

Gu kontziente ginen gero hona itzuliko ginela, eta orduan egon ginen pixka bat dudan zer egingo ote genuen ondotik. 2013an berehala hasi ginen disko bat egiten, baina egin eta berehala konturatu ginen ez ginela gure lekuan. Erran nahi dut, ekoizpena ona zen nik uste, baina ez genuen zuzenean disko hori ematen ahal zen bezala. Izan ere, ahots batzuk gehitu genituen gu hiruron ahotsez gain; oso lan ekoitzia zen. Prentsaurrekoaren bezperan gelditzea erabaki genuen, eta berriz kasik zerotik abiatu ginen. 2015ean atera genuen azkenean disko bera, baina beste doinu batzuekin; gauza batzuk kendu genituen, eta, horrenbestez, egiten ahal genuen zuzenekoa diskoari loturik. Guretzat hori biziki inportantea da; konturatu ginen gure ezaugarri edo iturri nagusia zuzenekoa dela. Disko bat promozio bat bezalakoa da, ez dugu espero diru asko egitea horrekin. Zuzenekoa behar dugu saldu eta diskoa heldu da hori laguntzera. Ez dugu diskoa atera eta gero bira egiten; gu ez gara kasik gelditu zuzenekoak egitetik.

2013ko kantuekin baduzue zerbait egiteko asmorik?

Momentuko ez dugu pentsatu. Beharbada, zertako ez? Orain behar dugu beste disko bat preparatu, aurrera joan…

Beste disko bat prestatzen ari zarete? Zeintzuk dira zuen proiektuak?

Berehala ez, baina gure zuzenekoa behar dugu aldatu, eta, ondorioz, beste disko bat beharko dugu finkatu. Horrez gain proiektu berri bat dugu Espainiako Orkestra Nazionalarekin martxorako. Gabriel Erkoreka musikagile garaikideak prestatu du “Zuhaitz” lana, 20-30 minutukoa, Kalakan eta orkestrarendako. Txalaparta, perkusioa, kantua eta orkestraren arteko nahasketa da, oso garaikidea. Berria da guretzako.

Garapen bat, beste norabide bat.

Hasieratik horrela egin dugu lan, beti kolaboratu dugu jende desberdinekin. Labeque ahizpekin eginiko kolaborazio batetik heldu da taldea. Geroztik beste asko egiten ditugu, batzuetan sakonak, batzuetan azalekoak. Adibidez iaz Boli Kostako Dobet Gnahorekin kontzertu bakarra egin genuen, baina Oreka Tx taldearekin urtero ari gara. Gure formatua oso arin eta sinplea denez, perkusio eta ahots, erraza da edozein arlotan kolaborazioak egitea: Madonnarekin, Oreka TX taldearekin, Labeque ahizpekin, Espainiako Orkestra Nazionalarekin... Ematen du oso ezberdina dela, baina osagaiak berberak dira beti: gure ahotsak, gure perkusioak.

Espainiako Orkestra Nazionalarekin aritzeko proiektua nondik heldu da?

Labeque ahizpekin egon ginen 2010ean Valladoliden Ravelen “Boleroa” ematen. Hango zuzendaria Espainiako Orkestra Nazionaleko zuzendari bilakatu da, eta geroztik segitu gaitu. Martxoaren erdialdean, hiru kontzertu izanen dira Madrilen.

Etorkizunean ere zuzenekoetan eta kolaborazioetan segitzeko asmoa duzue?

Bai, aurten Oreka TX taldearekin aurkeztuko dugu “Ur”. Ez da “Erritmo” bezalako ikuskizun bat, kontzertu bat da, baina izen bat eman nahi izan diogu. Iaz egin genuen saiakera bat Madrilen, Galizian eta Euskal Herrian, biziki ongi funtzionatu zuen, eta nahi genuen hori sakondu gehiago. Udarako prestatuko dugu. Labeque ahizpekin ere zerbait prestatuko dugu, beharbada hurrengo urteari begira. Ari dira hausnarketetan, guri zerbait proposatu nahian; elkarrekin bakarrik “Boleroa” dugu, eta motz gelditzen da. Jamixelek [Bereau] eramaten du orain taldeko zuzendaritza artistikoa, eta lidergoa, horrela erabakia izan baita. Bera orain proposamen batzuk ari da lantzen; gure buruan epea da urte bukaerarako proposamen artistiko bat gauzatzea, zuzenezko berri bat.

«Kalakan & Friends» DVDa ere argitaratu berri duzue ere.

Bideoak preseski erakusten du egin dugun ibilbidea, ezohiko ibilbide hori, zeren denbora oso gutxian gauza asko gertatu dira. Kontzertuan agertzen dira: Labeque ahizpak, Oreka TX, Easo koroa, Madonnarekin ibili diren dantzari batzuk... Azken finean, gurekin azken bost urteotan ibili izan direnak kolaborazioetan. Ideia zen erakustea hori guztia eta bilatzen genuen toki berezi bat hori egiteko, ikuslegoarekin hurbiltasuna zuena. Zumarragako baseliza batean egina dago, oso polita da, zura, harria... Sinplea da, akustikoki oso ederra.

Kontzertu horretan denak gure doinuak dira, edo bertzeekin egin ditugun kolaborazio horiek, “Bolero” salbu. Beraz ez dira diskoetan atzematen ahal diren kantuak. Bere berezitasuna horretan da; hori behin gertatu da eta hori errepikatzea oso zaila da. Denak ukaitea egun berean, bakoitzaren datekin... ezin da. Galde egin digute baina ezin da; parte bat posible izaten ahal zen, baina dena ez, aurrekontua sobera garestia da.

Nazioarte mailan zer-nolako oihartzuna izaten ari zarete?

Polita da, Asian egon gara, Norvegian… Jendea heldu da ilusionatzera eta hori heldu egiten zaizu. Oso polita da sortzen dena kanpoan, oso atsegina, ez da a priori-rik, interesa bada…

Espainiar Estatuan ezagunak egiten ari zarete?

Ari gara eta egia errateko ez zen batere gure apustua; Euskal Herrian aritzea eta kanpoan munduko musikaren arloan aritzea zen guru apustua. Azkenean Espainian, Madonnaren gauza horrekin, beste oihartzun bat izan dugu, Frantzian ez duguna izan.

Estatu frantsesean oso oihartzun gutxi izan duzue.

Bai, gutxi. Kuriosoa izan da hori. Niri iruditzen zait, adibidez, Lyon hiriko talde batek parte hartu balu Maddonarekin, Parisetik izanen zirela eskaera batzuk, guk ez ditugunak ukan.

Proiektu berri bat dugu uneotan Espainiako Orkestra Nazionalarekin. Gabriel Erkorekak ‘Zuhaitz’ lana prestatu du, Kalakan eta orkestrarendako.

Gure formatua oso arin eta sinplea denez, erraza da edozein arlotan kolaborazioak egitea: Labeque ahizpekin, Madonnarekin, Espainiako Orkestra Nazionalarekin...