GARA
PORT-AU-PRINCE

Bozketarik gabeko erreleboa Haitin eta haserrea kalean

Haitiko Gobernuak eta Parlamentuak behin-behineko exekutibo bat eratzea adostu dute, Michel Martelly aurreko presidentearen agintaldia atzo bukatzen zela-eta. Baina kalean jarraitzen duen oposizioak urriaren 25eko hauteskundeetan izandako irregulartasunak ikertzeko batzordea osatzea exijitzen du, hauteskundeak berriz egin aurretik.

Michel Martelly presidenteak agintea utzi du baina haitiarrek oraindik ez dakite nor izango den agintari berria. Egungo Gobernuak eta manifestariek batere zilegitasunik ikusten ez dieten parlamentariek adostu duten egitasmoaren arabera, behin-behineko gobernu berriak 120 egun egingo ditu agintean eta apirilaren 24ko hauteskundeak antolatu beharko ditu. Bozketa horietatik irteten den presidenteak maiatzaren 14an hartuko du kargua, Martellyk berak, Cholzer Chancy Diputatu Ganberako presidenteak eta Jocelerme Privert Senatukoak sinatutako dokumentuaren arabera. Testuak eransten du bi ganbera dituen Parlamentuak, Kongresu Nazionalak, datozen egunetan hautatuko duela presidente berria.

Oposizioak eskatzen dituen gauza guzti-guztiei uko egin diete AEBetako Gobernuaren oniritzia duten egungo agintariek. Horregatik beren haserrea kalean adierazteko eskatu die oposizioak herritarrei, nahiz eta asteotako mobilizazioen aurkako errepresioaren eraginez lau herritar hil dituzten jada.

Oposiziokoek egiten duten irakurketaren arabera, urriaren 25eko hauteskundeetan aukeratutako parlamentariek ez dute inongo zilegitasunik, bozketa haietan irregulartasunak izan baitziren nagusi. «Haitiko politikaren betiko tradizioa da herritarren borondatea ukatzea; herritarrei erabakiak hartzeko prozesuan esku hartzeko aukera ukatzea», esan dio Telesur telebista kateari Camille Chalmers sindikalistak.

Camille Chalmers Haitiren Garapen Alternatiborako Plataformako eleduna ere bada. Bere iritziz, egunotan kalean diren herritarrek, mugimenduek eta erakundeek herrialdea birsortu nahi dute, sistema politikoa behetik gora aldatu, Haitik «inperialismoarekin dituen harremanak» berriz negoziatzeko. Hori guztia ahalbidetuko luketen neurriak exijitzen dituzte.

Egungo Gobernuak esan du krisi egoera atzean uzteko adostutako proposamenak herrialdeko sektore guztiekin hitz egin ondoren onartu dituztela. Chalmersek, aldiz, horrelako kontsulta prozesurik ez dela izan esan du, edo kontsultarik egin bada, oposiziokoak baztertu egin dituztela. Beraz, orain abian jarri diren aldaketek «herria aurka eduki dezakete».

Etxe Zuriaren itzala

Oposizioko indarrek ezinbestekotzat jotzen dute urriaren 25eko presidentetzarako hauteskundeetan izandako irregulartasunak ikertuko dituen batzorde bat osatzea, eta hori hauteskundeak antolatu aurretik egitea, bozketa berriak garbiak izan daitezen. Irregulartasun haiek daude egungo krisiaren atzean.

Oposizioak banatu duen agiriak dio behin-behineko gobernuaren lehentasunak bakeari eustea, aipatu batzordea eratzea eta konfiantza giroa sortzea direla, hauteskunde garbiak egin ahal izateko.

Haitiar batek baino gehiagok esaten du herrialdearen etengabeko arazo eta krisiak ez direla amaituko estatubatuarren injerentzia behingoz bukatu arte.