Banketxeetan «bahitutako» 196 aulki itzuli ditu Bizi-k Parisen
Cahuzac ministro ohiaren aurkako epaiketaren hasiera baliatu zuten Ekintza Ez Biolentoa-COP21 plataformako kideek, tartean Bizik, banketxeetan «bahitu» zituzten 196 aulkiak itzultzeko. Iruzurreko dirutzak klima aldaketari aurre egitera bideratzeko eskatzen dute.

Duela urtebete baino gehiago Bizi elkarteak Baionan abiatutako aulkien «bahiketa» Estatu mailara hedatu zen, batez ere joan den irailaren 29n intelektual, pertsonalitate, ordezkari politiko eta sindikal eta artista andanak eginiko deialdiaren ostean.
Krisi ekologiko eta klimatikoari aurre egiteko diru nahikorik ez dela esanez maiz ezartzen dieten aitzakia arbuiatuz, iruzur fiskalaren kontrako politika egokiarekin finantzabidea aurki daitekeela salatu nahi izan zuten ekimen horrekin.
Hala, kapital-ihes horietan parte aktibo diren 39 banketxetan aulkiak konfiskatuz joan dira hilabeteotan. Horren harira, hainbat ekintzaile –tartean Ipar Euskal Herrikoak ere bai– atxilotu eta prozesatuak izan dira.
Atzokoan, Parisen ekimen ikusgarria eta sinbolikoa egiteko baliatu zituzten «bahitutako» kadirak. Izan ere, Jerome Cahuzac duela hiru urtera arte Estatuko aurrekontuez arduratzen zen ministro ohiaren aurkako epaiketa hasi zen. PSren gobernuko kide ohiari iruzur fiskala egin izana eta atzerriko kontu ezkutu batean dirutzak zuritzea leporatzen diote.
Ihes fiskala
Goizeko 10.30ean 200 bat pertsonak, bakoitzak buruan lapurtutako aulki bana hartuta, Pariseko auzitegiaren inguruan utzi zituzten, justu Poliziak bidea ixten zuen parean. Parte hartu zutenen artean daude Christian Sautter Finantza ministro izandakoa, Patrick Viveret Kontu epaitegiko aholkularia edota Claude Alphandery ekonomialari eta okupazio garaian erresistentzian aritutakoa.
Agerraldi horrekin, Ekintza Ez Biolentoa-COP21 plataforman bildutako eragileek argi utzi zuten kontua ez dela «gizon bat epaitzea, ihes fiskal osoaren auzia egitea baizik». Aulkiak bahitzen dituztenak baino, «paradisu fiskaletan agentziak dituzten banketxeetako (BNP, Société Générale, Crédit Agricole) buruak kontrolatu» behar direla adierazi zuten.
Langabezia eta krisi ekonomiko, ekologiko eta klimatikoaren testuinguruan «trantsizio ekologiko eta soziala egitea inoiz baino premiatsuago» dela esan zuen Jon Palais bozeramaileak. Bost urtetan kontrol fiskalaren zerbitzuetatik 3.100 lanpostu murriztu izana salatu zuen, gobernuari neurri zorrotzak hartzera dei egin aurretik.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»
