Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Ipar Euskal Herriko eragileekin ere izan dira EBko diputatuak

Estatu frantsesak euskal presoekin erabiltzen duen espetxe politikaz ere zuzenean informatzeko, Baionan izan zen atzo egunotan Euskal Herrian dabilen eurodiputatuen ordezkaritza.

Larunbatean euskal presoen egoera bertatik bertara ezagutzeko xedearekin Euskal Herrira etorritako zazpi eurodiputatuen taldeko hiru kidek –NVA-ECR-eko Mark Demesmaeker flandriarra, GUE-NGL eta Alternativa Galega de Esquerdako Lidia Senra eta Berdeak-ALE eta ERCko Josep-Maria Terricabras– Baionan hainbat eragilerekin bilkurak egin zituzten atzo goizean. Estatu frantsesak daraman espetxe politikaren berri izatea zuten helburu.

«Inor ez gaitzitzeko» ez zuten zehaztu nahi izan norekin elkarrizketatu ziren, baina prentsaurrekoa eman zuten leku berean Baionako Agiria sinatu zuten hainbat kide zeuden: Max Brisson Les Republicainseko departamenduko kontseilaria, Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapez zentrista, Sortuko Xabi Larralde, ABko Jakes Borthairu eta CFDT sindikatuko Jean-Pierre Etcheverry. Bake Bidea mugimenduko eta Giza Eskubideen Ligako kideak ere bertan ziren.

Demesmaekerrek esan zuenez, «presoen egoera eta bereziki sakabanaketa eta baldintzapeko askatasunaren inguruan» oinarritzen da bisitaldia. «Guztiok europarrak eta EBko kide garen heinean eta giza eskubideen balioak partekatzen ditugun neurrian, guri ere badagozkigun gaiak dira hauek. Horregatik hemen zer gertatzen den gertutik ikusteak berebiziko garrantzia du», gaineratu zuen.

Bi egunotan, eragile askotarikoekin 30 bat bilera egin dituzte orotara. Horietan jasotako informazioa denen artean aztertuta, apirilaren erdialderako txosten bat osatuko dutela adierazi zuen, bere aldetik, Terricabras eurodiputatu kataluniarrak. Ez hori bakarrik, ondorioak eta baita gomendioak ere jasoko dituzte, eta guztia Europako Parlamentuari eta erakunde frantses, espainol eta baita Euskal Herrikoei ere helaraziko dietela esan zuen Senrak.

«Ez da normala»

Lan hori bukatu baino lehenago ezer ziurtatzeko goizegi zela zioten arren, euskal presoen egoera ez zela «normala» aurreratu zuten. «Ez da normala eta horregatik gaude hemen. ETAk bere jarduera utzi zuenetik aparteko egoera desagertu bada ere, oraindik sakabanaketa politikak segitzen du. Gainera, gizartean bakearen beharra, bake prozesua amaitzeko borondatea eta adostasuna sumatzen dugu eta horrenbestez euskal presoentzat irtenbide bat beharrezkoa da, Ipar Irlandan egin bezala».

Arratsaldean, beste bilkura batzuk izan zituzten Donostian, horietako bat, LABekin. Sakabanaketak presoengan ez ezik, senideengan dituen ondorioez eta preso ohiek lan mundura itzultzeko topatzen dituzten oztopoez aritu ziren, besteak beste. Sindikatuak une honetan «bereziki preso gaixoen» gaiak duen lehentasuna nabarmendu eta, «garai zailagoetan presoen eskubideen defentsan posible izan diren akordioak» egun ez lortzea deitoratu zuen.

Podemos-Ahal Duguko hiru batzar nagusietako ordezkaritza bat ere Martina Anderson, Tatjana Zdanoka y Malin Bjorkekin elkartu zen. «Giza eskubideen errespetuaren ildotik, euskal presoen problematika konpontzeko apustua» egin dutela adierazi zien eurodiputatuei.

Bretainiatik gutuna igorri diote Justizia ministroari, Guimon askatzeko eskatuz

Bretainiako Rennes hirian preso dagoen Lorentxa Guimonen egoerak bertako hainbat eragile, tartean, baita PSko hautetsiak ere, asaldatzen ari da. Atzo bertan, bere askatasuna exijitzen ari diren Breizhistance ezkerreko alderdi independentistak, Skoazell Vreizh presoen senideen elkarteak, SLB sindikatuak eta NPA alderdiak gutun bat entregatu zieten Jean-Jacques Urvoas Justizia ministro berriaren (bretoia bera ere) kabineteko laguntzaileei. Eskutitza helaraziko diotela eta erantzun bat ere ukanen zutela agindu zieten ministroaren kolaboratzaileek.

Ekimenaren ostean eskainitako prentsaurrekoan, larriki gaixo dagoen presoa askatzeko eskaerarekin berrikitan bat egin duten pertsona ezagun eta hautetsien zerrenda jakinarazi zuten. Horien artean daude Finistere, Morbihan eta Ille-et-Vilaine departamenduetako sei diputatu: Paul Molac ekologista, Jean-Luc Bleunven ezkertiarra eta PSko Chantal Guittet, Richard Ferrand, Nathalie Appere (Renneseko auzapeza ere badena) eta Jean-Rene Marsac. Azken horrek bere aldetik ere gutuna igorri zion astelehenean Urvoas ministroari Guimoni baldintzapeko askatasuna eman diezaioten eskatuz.

Dagoeneko 22 pertsona ezagunek eta 18 erakunde politiko eta sindikalek bat egin dute otsailaren 20an angeluarra berehala kaleratu dezaten exijitzeko Rennesen egingo den manifestazioarekin. Sindikatuen artean Sud-Solidaireseko Osasungintzako alorrekoa dago, joan den otsailaren 2an Guimon ingresatua izan zuten erietxeko zuzendaritzari egoki artatzeko duen eskubidea urratzeagatik kexua idatziz helarazi ziona.A.M.