GARA
BAIONA

Hegazti gripearen kontrako neurriak zehaztu ditu Nekazaritza Ministerioak

Estatu frantsesean hegazti gripea erabat erauzteko xedearekin duela hilabete bat onartutako planaren nondik norakoak zehaztu ditu Nekazaritza Ministerioak bi dekreturen bidez.

Lehenean, batez ere hego-mendebaldeko departamenduetan eta, hala, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan ere, ahate eta antzaren hazkuntzan ari diren ekoizleei begirako neurriak jasotzen dira. Guztiek «osasun hustuketa» egin beharko dute apirilaren 18tik maiatzaren 16ra; hots, azken data horretarako ez du hegazti bizirik geratu behar haztegietan. Hortik aurrera bastimendu, tresneria eta ekipamenduen desinfektatze orokorrari ekingo diote eta hilabetean ezingo dute berriro hazkuntzarik hasi.

Etxekoak itxirik

Partikularrek ez dute etxean hazten dituzten hegaztiak hiltzeko betebeharrik izanen, baina «osasun hustuketa» denboraldian haztegiak itxirik eduki beharko dituzte, nahitaez.

Bigarren dekretuak gaitza berriro heda ez dadin uztailaren 1etik aurrera aplikatu beharreko neurriak finkatzen ditu, Estatu osoko hazleentzat. Neurri nagusia produkzio unitate bakoitzeko adin bereko eta espezie bereko ahateak soilik haztean datza. Txitategien kasuan, sail bakoitzeko ahateak aztertuko dituzte eta birusa ez dutela frogatzen bada, ez dituzte akabatuko. Azterketa horiek hilero errepikatuko dira. Kriaxera bertako espeziarentzat berri ona da, beraz, ugaltzeko aukera mantenduko baita.

Diru-laguntzei dagokienez, 130 milioi euro emango dizkiete ekoizleei, baina oraindik ez dute bakar bat ere jaso.