Jon LEUNDA
sokatira

Berriro ere Taiwan jarri zaie aurrean euskal tiralariei

Mutil gazteek zilarrezkoa lortu zuten, eta 540koan, neskek brontzezkoa.

Zilarrezko domina bat eta brontzezko beste bat lortu zituzten atzo euskal tiralariek, Herbehereetan jokatzen ari den Goma Gaineko Mundu Txapelketan. Selekzioen mailan hasi ziren atzo lehian, eta 600 kiloko mutilen 23 urtez azpikoetan etorri zen zilarra; brontzea, berriz, emakumezkoen 540koan lortu zuten Euskal Selekziokoek.

Emaitzarik handiena mutilen 600ekoan, 23 urtez azpikoen mailan, izan zen, Euskal Herriak lortu baitzuen brontzezko domina. Baina euskal tiralariek finala jokatu duten guztietan herrialde bera izan dute aurrean, Taiwan, eta atzokoan ere horrelaxe izan zen. Asiarrek lortu zuten urrea. Aurtengo Mundu Txapelketako amesgaizto bihurtu da Taiwan. Gaurkoa geratzen zaie bera gainditzeko, baina orain artekoa ikusi ostean, ez dirudi erronka erraza izango denik.

Lan bikaina eginda iritsi zen finalera Berriozargo tiralariez osatutako selekzioa, eta amaieran Taiwanen aurrean makurtu behar izan zuen. Bai kluben mailan, baita selekzioen mailan ere, dominak izan dira maila honetan, eta hori berri oso pozgarria da, 23 urtez azpikoetan ez baitago txapelketarik Euskal Herrian. Neskek ere ez zuten hutsik egin, eta brontzezko domina kolkoratu zuten, 540ko mailan. Azkenean finalerdietara heldu zen Euskal Herriko selekzioa, baina ez zuen langa gainditzerik lortu, eta finala jokatu gabe geratu zen. Brontzezko dominaren lehian hirugarren postua eskuratu zuten.

Mutilak aritu ziren bai 560ko mailan, baita 640koan ere, baina ez zuten batere lan ona egin, ez Euskal Herriko selekzioak, ez eta Frantziakoak ere, hango selekzioan ere denak euskal hiritarrak baitziren. Gaur izango da azken eguna eta euskal tiralariek dominak lortzeko azkeneko aukera, eta orain artekoa ikusita badirudi nesken 500ekoan eta mistoen 600ekoan izan daitezkeela aukera handienak. Bietan izan ditzakete urrea lortzeko aukerak, nahiz eta Taiwan aurrean izango duten. Mutiletan zerbait lortzekotan, 600ekoan izan daiteke aukera bakarra. Ondoren, balantzea egiteko garaia izango da. Urrezko dominarik lortu ez badute ere, euskal tiralariek, domina asko lortu dituzte eta egindakoa oso ontzat jo daiteke, nahiz eta urrezko dominak ikaragarri balioko lukeen.